Donostiako Zinemaldiaren 60. Edizioko kartel lehiaketa martxan

Donostiako Zinemaldiaren 60. Edizioko kartel lehiaketa martxan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/donostiako-zinemaldiaren-60-edizioko-kartel-lehiaketa-martxan/@@download/image/20121271787sailofiziala.jpg
2012/12/13
berria
Donostiako Zinemaldiaren 60. Edizioko kartel lehiaketa martxan
Sail ofizialeko kartelak hautatzeko, aurtengoan, Sareko lehiaketa antolatu du Donostiako Zinemaldiak. Helburua sorkuntza eta partaidetza suspertzea da, eta baita jaialdiaren hedapenean laguntzea ere. Horregatik, diseinua aurkeztu nahi duen orok du proposamena egiteko aukera. Otsailaren 1etik martxoaren 16ra bitarteko epea duzue, eta herritarren botoen bidez aukeratuko dituzte irabazleak.

Lehiaketa erabat irekia da, edonork hartu dezakeelako parte, eta herritarrek Sare bidez beren gustokoena bozkatzeko aukera izango dute, horixe da aurtengo berritasunik handiena. Parte-hartzaileek sail bakarrerako edo guztietarako kartelak aurkezteko aukera dute.
Lehen fasea igarota, martxoaren 17tik apirilaren 10era www.sansebastianfestival.com/kartellehiaketa webgunean ikusgai izango dira proposamenak; bertan izango da bozkatzeko aukera ere. Gainera, antolakuntzak 10 emanalditarako abonoa eta Zinemaldiaren 60 edizioko argitalpen sorta zozketatuko ditu kartel garaileei botoa eman dietenen artean.
Beraz, boto gehien lortu dituzten kartelen artean, epaimahai batek hautatuko ditu finalistak, eta haien izenak apirilaren 11an jakinaraziko dituzte. Garailearen izena, baina, maiatzaren 11an emango dute, eta  botoa eman dutenen artean saria banatzeko zozketa maiatzaren 14an egingo dute.
Donostiako Zinemaldiko lau sail ofizialetako kartelak dira diseinatu beharrekoak; hala nola, Sail Ofiziala, Zuzendari Berrien Saila, Zabaltegi Saila, eta Horizontes Latinos Saila. Sail Ofizialeko kartel aukeratuari 3.000 euroko saria emango zaio, eta gainerakoei 1.000koa bakoitzari.


Bigarren berritasuna


Aurten, gainera, beste berritasun garrantzitsu bat izango du Zinemaldiak: Zuzendari Berrien Saila independentea izango da, orain arte Zabaltegi Sailaren baitan egon baita. Bertako irabazleari 90.000 euroko saria emango diote Kutxaren eskutik.
Azken urteetan etorkizun handiko hogei zinemagile inguruk hartu dute parte lehiaketan haien lehen lanekin. Horietako askoak, gainera, nazioartean sona handia lortu dute ondoren; besteak beste, Agustin Villarongak, Isabel Coixetek, Juanma Bajo Ulloak, Danny Boylek, Agustin Diaz Yanesek, edota Javier Rebollok.