Donostiako Piraten II. Musika Lehiaketa abian

Donostiako Piraten II. Musika Lehiaketa abian https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
berria
Gipuzkoako musika taldeek euren burua ezagutarazteko aukera bikaina dute Donostia Piraten II. Musika Lehiaketaren bidez. Maiatzaren 1era bitartean taldeek hiru abesti aurkeztu behar dituzte, eta irabazleak sari bikaina lortuko du.

Bigarren urtez jarraian Donostiako Piratek musika lehiaketa antolatu dute, eta aurten, iaz ez bezala, Gipuzkoa osoko taldeek izango dute aurkezteko aukera.

Hona hemen lehiaketan aurkezteko baldintzak:

1.    II. Musika lehiaketa GIPUZKOAko talde gazteentzat da.
2.    Musika estilo ezberdinetako taldeek parte hartu ahal izango dute lehiaketan. Ez da inolako bereizketarik egingo.
3.    Diskoren bat modu profesionalean plazaratu (auto-ekoizpenak salbu) edo diskoetxe batekin kontratua duten taldeek ez dute lekurik izango lehiaketan.
4.    Lehiaketan parte hartu ahal izateko bi aukera egongo dira.
CD formatuan: gutxienez 3 abesti (zuzenean, estudio edo lokal baten grabatutakoak) CD batean bidali, taldearen inguruko informazioarekin batera,  honako helbidera (web orrian baieztatuko dute):
DONOSTIAKO PIRATEN 2. MUSIKA LEHIAKETA
1238 Posta Kutxa. 20080
Donostia (Gipuzkoa)
Euskal Herria
MP3 formatuan: gutxienez 3 abesti (zuzenean, estudio edo lokal baten grabatutakoak) eta taldearen inguruko informazioa bidali beharko dira honako e-postara: izanpirata@gmail.com
5.    Grabaketak bi formatutan jasotzeko epea martxoaren 13an hasi eta maiatzaren 1ean bukatuko da.
6.    II. Musika lehiaketak hiru fase izango ditu:
I. Lehenengo fasea: Epaimahaiaren hautaketa. Aurkezten den talde kopurutik epaimahaiak 6 talde hautatuko ditu finalerdietarako. Ebazpena maiatzaren 5ean izango da.
II. Bigarren fasea: Finalerdiak. Sailkatzen diren 6 taldeek beren musika zuzenean defendatzeko aukera izango dute. Finalerdiak bi kontzertu egunetan izango dira; hiruna talde kontzertu bakoitzeko. Talde bakoitzak 40 minutu inguruko errepertorioa prestatu beharko du tartean gehienez bi bertsio sartuz. Kontzertu guztien ondoren epaimahaiak erabakiko du finalera zein bi talde sailkatuko diren.
III. Hirugarren fasea: Finala. Bi finalistak argituta hirugarren kontzertu bat egingo da Donostiako Piraten II. Musika Lehiaketaren azken irabazleak zehazteko.
Kontzertu guztien data, ordu eta lekuak antolatzaileek aldez aurretik jakinaraziko dituzte. Aurrera daiteke, kontzertu guztiak DOKA - Donostiako Kafe Antzokian izango direla. Bestalde, sailkatzen diren taldeek aurretik jasoko dituzte argibide guztiak.
7.    Epaimahaia musika munduarekin lotura duten zenbait pertsonek osatuko dute. Hala nola, kazetari, musikari eta musika munduarekin lotura duten beste zenbait pertsonek. 
8.    Sariak:
Musika Lehiaketaren talde irabazleak 600 euroko diru saria jasoko du.
Gainontzeko sailkatuek, parte hartzen duten beste taldeekin batera kontzertuei begira nolabaiteko laguntza jasoko dute. Txosten bat osatuko da Jai Batzorde zein musika aretoei bidaltzeko.
9.    Lehiaketa honetan parte hartzeak esan nahi du aurreko puntuetan azaldutako oinarriak onartzen direla.

Iazko emaitzarekin pozik
Iazko Donostiako Piraten I. Musika Lehiaketan antolatzaileek hilabeteko epea baino ez zieten eman taldeei baina, hala ere, zehaztutako eremuko (Gipuzkoa ipar-ekialdea: hala nola, Donostia, Astigarraga, Oarsoaldea —Trintxerpe, Pasai Antxo, Pasai Donibane, Pasai San Pedro, Oiartzun, Orereta eta Lezo— eta Buruntzaldea —Andoain, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil—) 42 talde aurkeztu ziren. Horietatik epaimahaiak zortzi aukeratu zituen finalerdietarako: Basanabasa (Donostia), Brutal Planet (Lasarte/Donostia), Frida Pipol (Orereta), Instep (Oiartzun), Supertrooper (Donostia), Toxika! (Lasarte/Donostia), UK-Bill (Añorga) eta Xikinkei (Donostia).
Zortzi taldeak hautatuekin finalerdia egin zituzten Donostiako Loiola auzoko gaztetxean, eta jende nahikotxo elkartu zen. Maiatzaren 26ko finalera Xikinkei, Instep eta Supertrooper taldeak pasatu ziren. Berriro Loiolako gaztetxean egin zuten festa eta epaimahaiak Instep talde oiartzuarra izendatu zuen I. Musika Lehiaketaren irabazle. Hala lehiaketako bi sari nagusiak irabazi zituzten: abuztuak 11ean Donostiako Trinitate plazako kontzertuan parte hartzeko aukera eta Andoaingo Garate estudioetan astebeteko grabaketa.
Antolatzaileentzat iazkoa oso esperientzia baikorra izan zen, eta helburuak sobera bete zituzten. Taldeen parte hartzea handia izan zen eta baita publikoarena ere.  kanporaketa bakoitzean 200 lagun inguru bildu ziren Loiolako gaztetxean.