Donostiako Piratek 'Kabotajea' jai herrikoia antolatu dute

Pandemia tarteko, Donostiako Piratek aurten ere ezin izango dute Aste Nagusi Pirata antolatu baina, horren ordez, Kabotajea egingo dute ostegunetik igandera bitarte. Egitarauan mota guztietako jarduerak izango dira: musika emanaldiak, haurrentzako ekintzak, tailerrak, kirola, bertso-saioa...
Ostegunean, hilak 19, horma-irudi margoketa eta sorkuntza ikastaroak egingo dituzte 10:30ean Trinitate plazan. 12:30ean, Intziri Neska* Gazte Taldearen agerraldi feminista izango da toki berean. 16:30ean, berriz, mikrofono irekia izango da eta 19:30ean bertso musikatuak Amaia Agirre, Oihana Iguaran, Ane Labaka eta Alaia Martinekin.
Ostiralean, hilak 20, Muxikoak erromeria eskainiko du Trinitate plazan 12:00etan. Kuadrilla jolasak antolatu dituzte 15:45ean plaza berean. Parte hartzen duten kuadrillek Kontxako Badian galdutako lau ume aurkitu beharko dituzte eta horretarako behar duten mapa lortzeko beste kuadrillekin lehiatu beharko dute. Talde bakoitzak esleitutako gaiaren arabera mozorrotu beharko du eta gutxienez 6 partaide izango dira. Parte hartu nahi dutenek 638 89 59 45 telefono zenbakira Whatsapp mezua bidali beharko dute. Ondoren, 19:00etan, Ibil Bedi taldearen kontzertua izango da eta 20:00etan enkartelada Konstituzio plazatik abiatuta. Amaitzeko, 20:30ean, Sara Zozaya donostiarrak musika emanaldia eskainiko du.
Larunbatean, hilak 21, bizikrosa egingo dute Kaimingaitxotik hasi eta han bertan bukatuta. Urgulletik egingo dute ibilbidea, eta bi aukera egongo dira: bi itzuli egitea (luzea, 6,4 km) edo bakarra (motza, 3,2 km). Herrikrosa.eus webgunean eman behar da izena. Eguerdiko 14:00etan herri bazkaria egingo dute Kaimingaitxon. Marruma, Herria eta Platero tabernetan eskura daitezke otordurako txartelak. Bazkalondoren, 17:00etan, playback-lehiaketa izango da Trinitate plazan. Izena emateko, kalepoza@gmail.com helbidera idatzi behar da.18:30ean, Sareren manifestazioari harrera egingo diote Kaimingaitxon eta, eguna bukatzeko, 20:00etan, Duplaren kontzertua izango da Trinitate plazan.
Igandean, hilak 22, pare bat ekitaldi izango dira. Batetik, 10:30ean, haurrentzako jolasak izango dira Trinitate plazan eta, bestetik, Naizen elkartearen hitzaldia plaza berean, 12:30ean.
Zenbait ekintzetarako leku mugatua egongo denez Trinitate plazan, bertso musikatu eta musika emanaldietarako aurrez erreserbatu behar da tokia formularioa beteta.