Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea ostiraletik aurrera

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea ostiraletik aurrera Film luze eta laburren emanaldiez gain, mahai-ingurua, Mikel Pagadiren ikuskizuna eta erakusketak ere izango dira, besteak beste. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/donostiako-fantasiazko-eta-beldurrezko-zinemaren-astea-ostiraletik-aurrera/@@download/image/Dead & Beautiful 1 © Jesse Hsu - Lemming Film.jpg
2021/10/27

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Film luze eta laburren emanaldiez gain, mahai-ingurua, Mikel Pagadiren ikuskizuna eta erakusketak ere izango dira, besteak beste.
Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea ostiraletik aurrera

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 32. Astea ostiralean hasi eta azaroaren 5ean amaituko da . 25 film luze eta 27 film labur proiektatuko dituzte Antzoki Zaharrean eta Victoria Eugenia antzokian nagusiki. Veneciafrenia eta Mona Lisa and the Blood Moon pelikulek emango diote hasiera eta amaiera Asteari, hain zuzen ere. 

Aurtengo zikloa Madrilgo Kulturaren Institutu Poloniarrarekin batera antolatu dute eta Stanisław Lem (1921-2006) zientzia-fikziozko idazle poloniarrari eskainia dago, jaio zenetik ehun urte bete direnean. Bere obran oinarrituta, bi film luze eta bost film laburrez osatutako saioa eskainiko dira Tabakaleran. Gainera, aurtengo kartelaren inspirazio-iturri izan den Antonio Merceroren La cabina pelikularen proiekzio berezia ere izango da.

Zinema programazioaren osagarri izango diren haurrei zuzendutako bi film ere antolatu dituzte: Kranston ikastetxea Victoria Eugenian eta Harri zopa (eta beste zenbait alderantzizko ipuin) Kontadoresen. Horretaz gain, El monstruo de St. Pauli emango dute Kresala zineklubarekin elkarlanean eta Amari dokumentalaren proiekzio berezia egingo dute San Telmon.

Bestelako jarduerak ere izango dira egitarauaren barruan, hala nola Mikel Pagadiren Phantasmikel ikuskizuna, TraShe – Bad Girls go to Hell mahai-ingurua, eta Fanzineen Gerra klasikoaren 6. edizioa. Bestetik, lau erakusketa ere izango dira ikusgai.

Abonuak eta sarrera solteak Donostia Kulturaren webgunean eros daitezke eta, gaurtik aurrera, baita Antzoki Zaharrean eta Victoria Eugenia Antzokian ere.