Donostiako emakumeek euskararen transmisioan egindako lanaren inguruko tailerra antolatu du Bagera Elkarteak

Donostiako Bagera Elkarteak Euskara eta feminismoa: Ze lan egin dute Donostiako emakumeek euskararen transmisioan? izeneko emakumeentzako tailerra antolatu du, Eider Perezek gidatuta. Emakumeen eta hizkuntzaren arteko elkargunea lantzeko izango dela azaldu dute antolatzaileek.
Honako galderen inguruko hausnarketa egingo dute saioetan: "Euskarak zabalkundea izan duenetan emakumeen presentziarekin egin du topo; Donostian hala izan da? Emakumeena omen da ‘ama-hizkuntza’ eta gizonezkoena ‘hitza’, zergatik? Zer egin dute emakumeek Donostian euskararen alde? Nondik eta nola jardun dira horretan? Non gurutzatzen dira hizkuntza eta feminismoa? Non euskara eta emakume identitatea? Zein erreferente ezagutzen ditugu eta zenbat dira? Gehiago badakizkigu? Sormenaren kulturan eta Euskal Kulturan non eta nondik ibili gara historikoki? Eta orain non gaudela sentitzen dugu?".
Tailerrak feminismoaren eta euskararen arteko elkargunea izatea du helburu; batetik, hizkuntzaren eta kulturaren transmisioan Donostiako emakumeek eginiko lana aitortu eta erreferenteak ikustarazteko, eta, bestetik, hizkuntza ez hegemonikoen eta feminismoaren arteko harremanari buruz hausnartzeko. Tailerreko kideen parte-hartzean oinarritutako tailerra izango da, beraz, bertaratuek hitz egiteko eta elkarri entzuteko aukera izango dute. Horrez gain, gorputzean arreta jarri eta gorputzaren memoria esnatzeko eta aktibatzeko hainbat jolas eta ariketa proposatuko dira.
Tailerrak bi saio izango ditu: bata, otsailaren 25ean, ostirala, 18:00etatik 20:15era, eta, bestea, otsailaren 26an, larunbata, 10:00etatik 12:15era. San Telmo Museoko hezkuntza gelan elkartuko dira parte-hartzaileak, eta 15 euro ordaindu beharko dira (Bagerakideek, San Telmo Museoko bazkideek eta gazteek 12 euro). Interesa duenak aurrez eman beharko du izena.