Donostiako Deustuk, 50 urte

Donostiako Deustuk, 50 urte https://www.gaztezulo.eus/albisteak/donostiako-deustuk-50-urte/@@download/image/72p46_1_1364908179.jpg
2007/03/02
erreportajea
Gaztezulo
Donostiako Deustuk, 50 urte
Donostiako Deustuko Unibertsitateko campusak 50 urte bete ditu. 2006. urtea berezia izan da unibertsitatearentzat, eta ospakizun ekitaldiak amaitu berri dituzte. Mende erdia bete du, eta mendea betetzeko gogoz dago.

Duela 5o urte, 1956. urtean, zabaldu zuten Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea —ESTE— Donostian, eta hori ospatzeko, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean hainbat ekitaldi egin dituzte. Azkena, urteurrena gogorarazteko monolitoa inauguratzea izan da.

Gaur egun, Deustuko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean bi titulu mota eskaintzen dituzte, eta baita doktorego eta graduatu ondoko programa asko ere. Baina, bestelako eskaintza ere badute Donostiako campusean. Batetik, Gizarte Zientzien Fakultatean Komunikazio adarra eta Enpresa adarra daude. Bestetik, Gizarte Laneko eta Turismoko Unibertsitate Eskolak daude, eta hauetan bi arlo horietako diplomak lor ditzakete ikasleek. Donostiako campuseko eskaintza honi, noski, Bilboko campusekoa gehitu behar zaio.

Ikasketa eskaintza handitzeaz gain, euskaraz ikasteko aukera ere zabaldu du Deustuko Unibertsitateak. Gaur egun kredituen erdiak egin daitezke euskaraz.

Aholkuak
Ikasketa egokiak aukeratzea ez da erraza izaten, eta zalantzak izaten dira askotan nagusi. Horregatik, Deustuko Unibertsitateak bere eskaintzen berri eman asmoz, campusa erakusteko egunak antolatu ohi ditu. Modu horretan, interesa dutenei ikasketen nondik norakoa azaltzen diete, eta campuseko baliabideak ere erakusten dizkiete.

Baina, horrez gain, Orientazio Zerbitzu garrantzitsua du Unibertsitateak. Zerbitzu honen bidez, ikasleak hautazko eta aukera askeko ikasgaiak aukeratzeko laguntza jaso dezake, baita beka eta izen emate epeei buruzko informazioa eta abar. Zerbitzu horretan tutoreak daude, eta hauek ikasleak, bakarka edo taldeka, laguntzen saiatzen dira, ongi aukera dezaten.