Donostiako arte galeriek hainbat ekintza eskainiko dituzte egunotan

Donostiako arte galeriek hainbat ekintza eskainiko dituzte egunotan Erakusketak, bisita gidatuak, eta tailerra izango dira egitarauan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/donostiako-arte-galeriek-hainbat-ekintza-eskainiko-dituzte-egunotan/@@download/image/irekiak_pantaila_1920x1080.jpg
2022/09/29

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Erakusketak, bisita gidatuak, eta tailerra izango dira egitarauan.
Donostiako arte galeriek hainbat ekintza eskainiko dituzte egunotan

Irekiak Gallery Weekend egitasmoaren bigarren edizioa izango da martxan gaurtik igandera bitarte. Donostiako arte galeriek euren ateak zabalduko dituzte erakusketa, bisita gidatu eta topaketa ugarirekin, arte garaikidea hiritarrei hurbildu eta galerien lana kultura-sortzaile eta sustatzaile gisa ikusarazteko asmoz. Altxerri, Arteko, Arteztu, Cibrian, Ekain, Tabakalera eta Kursaala izango dira guneak. Ostiraletik larunbatera 11:00etatik 20:00etara egongo dira zabalik arte galeriak, eta igandean 11:00etatik 14:00etara.

Gaur, 19:00etan, galerien irekiera izango da. Ordubete geroago, Tabakaleran sortutako Alba G. Corral artistaren Entremaliat instalazioa proiektatuko da Kursaal-eko fatxadan.

Bihar, ostirala, topaketa izango da Cibrian galerian, 11:00etan. Susan Cianciolo artistaren This exhibition is made for a new dawn, new earth, and new solar system erakusketaz gozatu ahalko da. Lauretan bisita gidatua egingo dute, gaztelaniaz, ibilbide honekin: Cibrián, Arteko, Altxerri, Ekain eta Arteztu. Zazpietan Arteko galerian elkartuko dira, Nori Ushijima artistaren Tres décadas | 00S erakusketan. Edorta Kortadi historialari eta arte kritikariak artistaren obra eta ibilbidea azalduko ditu. Zortzietan, berriz, Corralen lana proiektatuko da Kursaalaren kanpoaldean.

Larunbatean, 11:00etan, Altxerri galerian bilduko dira, Elena Aitzkoa artistaren Elkarrizketa erakusketan. Xare Álvarez, Elena Mendizabal, Iñaki Gracenea, Jon Cazenave, Gabriela Kraviez eta Gabriel Cocaren Berriak erakusketa ere izango da bertan. Ordu berean, euskarazko bisita gidatua egingo dute Cibrián, Arteko, Altxerri, Ekain eta Arteztu galerietan barrena. Iker Vallek pigmentu naturalekin pintura akrilikoa egiteko tailerra emango du, Arteztun. Arratsaldeko lauretan bisita gidatua izango da, gaztelaniaz, eta seietan Ekain galerian egingo dute topaketa, Maria Cueto eta Mariano Arsuaga artisten Eskutik erakusketan. 

Igandean, Arteztu galerian izango da hitzordua, Iker Valle artistaren Bibrazioak erakusketan. Ordu berean bisita gidatua egingo dute, euskaraz, Arteztu, Ekain, Altxerri, Arteko eta Cibrian galerietan.