Donostiako Amara Berriko euskaren aldeko krosa ekainaren 11n egingo dute

Pandemia dela eta, bi urte igaro dira azken krosa egin zenetik, baina aurten bueltan izango da. Ekainaren 11n ospatuko da Amara Berriko euskararen aldeko lasterketaren zazpigarren edizioa. Euskara ardatz izango duen festa eguna ospatzea du helburu Berritsuk, Amara Berriko euskara elkarteak.
Sei kilometro edo hiru kilometroko ibilbidea egiteko aukera izango dute korrikalariek, eta azken hau ez lehiakorra izango da. Lasterketa 19:00etan hasiko da, eta irteera eta helmuga berregokitu berri den Isabel II.a hiribidean egongo dira.
Lasterketa nagusiaz gain, auzoa girotzeko ekintzak egongo dira arratsaldean zehar Probestu plazan. Haur-jolasak izango dira Amara Berriko Haur Txokoaren eskutik, 17:00etan, eta jarraian, 18:00etan, haurren krosa egingo dute. Helduen lasterketa 19:00etan izango da, eta honen ostean, sari-banaketak eta zozketak egongo dira auzoko denda eta tabernen eskutik. Arratsaldea amaitzeko, 20:30ean, kontzertua ere izango da.
Antolatzaileek euskararen aldeko auzo-lasterketan parte hartzeko deia egin diete auzotarrei, hiritarrei eta euskaltzale guztiei. Izen ematea zabalik dago www.herrikrossa.eus webgunean. Sare sozialetan -Twitter, Instagram eta Facebook- informazio gehiago zabalduko dutela jakinarazi dute.