Donostiako abuztuko agenda jarduerez lepo

Donostiako abuztuko agenda jarduerez lepo Musika, antzerkia, zinema, bertso-saioak, gastronomia lehiaketak, kirola eta haurrentzako jarduera ugari izango dira hilabete osoan zehar. Atrakzioak ere jarriko dituzte Pasealeku Berrian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/donostiako-abuztuko-agenda-jarduerez-lepo/@@download/image/IDOIA-2021-1024x683.jpg
2021/07/30

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Musika, antzerkia, zinema, bertso-saioak, gastronomia lehiaketak, kirola eta haurrentzako jarduera ugari izango dira hilabete osoan zehar. Atrakzioak ere jarriko dituzte Pasealeku Berrian.
Donostiako abuztuko agenda jarduerez lepo

Aurten ere ez da Aste Nagusirik izango baina ez da ekitaldirik faltako, Abuztua Donostian egitaraua bete-betea baitator: bertso-saioak, musika kontzertuak, kaleko zinema, saskibaloia, pilota, antzerkia, estropadak, gastronomia txapelketak… Hiriko hamabi auzotan egingo dira jarduerak eta guztira 183 inguru izango dira, abuztuko aste guztietako ostegun eta igande artean. Kultur eta kirol jarduerak "gune eta edukiera kontrolatuetan" egingo direla azaldu du Jon Insausti kultura zinegotziak. 

Kirolari dagokionez, Tai-Ji saioak, Nordic Walking zeharkaldia, pilota txapelketak, arrantza lehiaketa, hondartzako boleibol herri txapelketa, bela-estropaden zeharkaldia, patinete eta bizikleta martxa, herri kirolak, traineru estropadak, eta saskibaloi jokoak antolatu dituzte. 

Musika eta dantzaren alorrean, Aldapeko Basque Latin Jazz banda, Big Band Côte Basque orkestra, Tio Teronen semeak, AMAK taldea eta Idoia arituko dira musika emanaldi eta ikuskizunak eskaintzen, besteak beste.

Zinema eta antzerkia ere kalera aterako dute. Agur Etxebeste!Errementari eta Erlauntza filmez gain, Playmobil eta Lego 2  ere izango dira ikusgai, beste pelikula batzuen artean. Antzerkiari dagokionez, adibidez, Teatro Firulete-k Martxelo, estralurtarra ikuskizuna eskainiko du, Zirika Zirkus-ek Hemendikara, eta Trapu Zaharra-k konpainiak Mesede bat egitearren. 

Bertso-saioak ere izango dira Kursaaleko Zurriola Terrazan abuztuaren 20tik 22ra, eta kantuan arituko diren bertsolarien artean Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus, Onintza Enbeita, Haizea Arana, Miren Amuriza eta Sebastian Lizaso daude.

Gastronomia lehiaketa gazteentzat 
Gastronomiaz ere ez dira ahaztu antolatzaileak. Bertako produktuen gastronomia lehiaketa izango da gazteentzat abuztuaren 7an, 11:00etatik 14:00etara, Trinitate plazan. Parte-hartzaileek gosari osasuntsua prestatu beharko dute.

Horretaz gain, marmitakoa eta legatza saltsa berdean prestatzeko lehiaketa bana ere badira. 

Haurrentzako jarduerak
Umeek ere izango dute gozatzeko parada abuztuan Donostian. Haurrentzako jolasak, kart elektrikoak eta pedalezko Ferrariak, magia tailerra, egurrezko jokoak, joku tradizionalen parkea, eta itsasoko herri kirolak antolatu dituzte, esaterako. 

Donostiako Erraldoi Konpartsaren erakusketa ere izango da San Telmo Museoko Klaustroan abuztuaren 1etik irailaren 12ra arte.

Bestelakoak: azokak eta Escape Street
Hainbat azoka paratuko dituzte hirian, tartean artearena, Euskal Herriko nekazal produktuena, eskulagintzarena eta Donostiako lore eta landareena. Hauei ibilgailu klasikoen erakusketa gehitu behar zaio.

Escape Street izeneko jokoak ere izango dira, taldeka deszifratu beharreko misterioekin, zenbait gairen inguruan: diru-arazoa, batetik, eta Santa Clara eta Santo Tomasen misterioa, bestetik. 

Edukiera mugatua
Jarduerak egingo diren guneek gehieneko edukiera izango dute eta sarreran zehaztuko da. Horretaz gain, zenbait jardueretarako aldez aurretik eman beharko da izena. Gainera, eremu guztietan musukoa erabili beharko da, sarreretan edukiera kontrolatuko dute, publikoak eserita egon beharko du eta ezingo da jan, edan, erre edo bapeatu.

Atrakzioak Pasealeku Berrian
Hainbat atrakzio jarriko dituzte Pasealeku Berrian abuztuaren 1etik 15era, eta 17:00etatik 23:30era arte egongo dira zabalik.