'Donostia, surfa eta zientzia hiria' ekimena gaurtik aurrera

'Donostia, surfa eta zientzia hiria' ekimena gaurtik aurrera Surf eta zientzia adituen hitzaldiak izango dira, eta baita surf jarduera praktikoa ere apirilera bitartean. Maia Garcia fisikariaren eta Kepa Acero surflariaren saioa antolatu dute gaurko Okendo Kultur Etxean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/donostia-surfa-eta-zientzia-hiria-ekimena-gaurtik-aurrera/@@download/image/prentsaurrekoa surfa eta zientzia.jpeg
2022/01/26

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Surf eta zientzia adituen hitzaldiak izango dira, eta baita surf jarduera praktikoa ere apirilera bitartean. Maia Garcia fisikariaren eta Kepa Acero surflariaren saioa antolatu dute gaurko Okendo Kultur Etxean.
'Donostia, surfa eta zientzia hiria' ekimena gaurtik aurrera

Hiriko gai eta leku esanguratsuak zientziaren lupapean aztertuko dituzte Donostia, Zientzia Hiria programaren bitartez. Lehen edizioak surfa izango du hizpide, "hirian eta inguruan duen sustraitze handiagatik eta bere jardueran hainbat zientzia-diziplinen argitan azter daitezkeen prozesu interesgarri eta ezberdinek parte hartzen dutelako".

Urtarrila eta apirila bitartean hilero topaketa bat antolatuko da Okendo Kultur Etxean, eta bertan zientzia eta surfeko adituek gaia hainbat ikuspegitatik jorratuko dute, hala nola fisika, meteorologia, osasuna, kirola edo ingeniaritzatik. Hitzaldiak arratsaldeko 18:00etan izango dira eta streaming bidez ere jarraitu ahal izango dira EITBren Kosmos kanalaren bidez. Euskaraz izango dira nagusiki eta, antolatzaileek jakinarazi dutenez, ez da beharrezkoa izango ezagutza zientifikorik, jakin-mina besterik ez.

Gaur izango da lehen hitzaldiaOlatu baten istorioa izenburua duena. Maia Garcia Vergniory fisikariak eta Kepa Acero surflariak hainbat galdera erantzungo dituzte: olatu batzuk zergatik irekitzen diren eta beste batzuk zergatik ixten diren, zergatik batzuetan seriean etortzen diren eta beste batzuetan ez, edo itsasaldiek, haizeak eta itsas-hondoak zer paper jokatzen duten surfean aritzen garen olatuetan.

Hurrengoa saioa otsailaren 23an izango da: Fisiologia eta osasuna surfeanJulen Ucin Gurrutxaga, Euskaltel-Euskadi ProCycling Team taldeko medikua, eta Aitor Santisteban Leguina, Basque Teameko surflarien prestatzaile fisikoa, surfak fisiologiaren eta osasunaren ikuspegitik giza gorputzean duen eraginaz arituko dira.

Martxoaren 23an izango da beste hitzorduetako bat. Olatu perfektuaren atzetik eta taulen fabrikazioa izenburupean, meteorologiaz eta taulez solastuko dira. Onintze Salazarrek, Euskalmet/Tecnaliako meteorologoak, eta Adur Letamendiak, Pukas Surf marka gipuzkoarreko proiektu zuzendariak, hartuko dute parte.

Apirilean amaituko da programa eta gazteentzako zientziaz zipriztindutako surf jarduera praktikoa antolatuko dute. Zurriolako hondartzan izango da baina unean uneko baldintza sanitario eta meteorologikoen araberakoa izango da.

Hitzaldiez gain, olatuen atzean dagoen zientzia eta surf taulak mugitzen dituen teknologia ikusiaraziko da kalean instalatutako bost totemen bidez. Infografia erakargarriez osatutako totemak dira eta hiriko hainbat puntutan txandakatuko dituzte. Gehiago sakondu nahi dutenentzat, Kultura Zientifikoko Katedraren (Cuaderno de Cultura Científica eta Zientzia Kaiera) hedabide digitaletan dibulgazio-artikuluak argitaratuko dira.

Donostia Kulturak abian jarri duen ekimenak Donostia International Physics Center (DIPC) eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren laguntzaz gain, Euskampus Fundazioaren kolaborazioa du.