Donibane Garaziko gaztetxeak badu egoitza!

Donibane Garaziko gaztetxeak badu egoitza! 60.000 euro kostatu zaie, eta mailegua ordaindu ahal izateko crowdfunding kanpaina bat jarri dute martxan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/donibane-garaziko-gaztetxeak-badu-egoitza/@@download/image/Bizi_espazioa.jpeg
2017/07/06
60.000 euro kostatu zaie, eta mailegua ordaindu ahal izateko crowdfunding kanpaina bat jarri dute martxan
Donibane Garaziko gaztetxeak badu egoitza!

Donibane Garaziko gazteek hamabi urte zeramatzaten berezko etxe baten beharrean. Aukera ezberdinak probatzen eta bilaka-bilaka ibili ostean, ez eztabaidarik gabe, azkenean egoitza erostea erabaki dute: Bizi espazioa.

Hala, herriko gunerik turistikoenean, Zitadelako kalean, 60.000 euro kostatu zaien gunea eskuratu dute. Modu honetan, besteak beste, euskara Behe Nafarroako hiriburuko muinean presenteago egotea lortuko dutela uste dute. Gainera, azken urte hauetan edozer gauza antolatzeko (tailerrak, hitzaldiak, emanaldiak...) gela bat alokatu behar izan dutenez, aurrerantzean gastu hori aurreztuko dutela ere badakite.

Diru bilketa handi bat egin dute herrian, eta komertzio nahiz elkarteen babesa jaso dute (35.000 euro biltzea lortu dute). Bestalde, gaztetxeko eta inguruko jendeak hilero 10 euro jartzeko konpromisoa hartu du. Mailegua (25.000 euro negoziatu dituzte bankuarekin) lehenbailehen ordaindu nahi dute, ordea. Horregatik, Donibane Garazitik eta gaztetxetik harago ere luzatu dute deialdia laguntza ekonomiko eske: finantzaketa kolektiboko kanpaina bat jarri dute martxan Helloasso atarian, nork nahi edo ahal duen neurriko ekarpena egin dezan.

Gazte mugimendua 80ko hamarkadatik dago martxan Donibane Garazin, baina azkenaldian oztopo handiak zituzten programak osatzeko besteak beste eta batez ere leku finko baten faltagatik.