Doministikuei stop!

Doministikuei stop! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/doministikuei-stop/@@download/image/23p38-1_1369742632.jpg
2002/10/04
erreportajea
Gaztezulo
Doministikuei stop!
Udazkenean sartu gara. Oso garai erromantikoa da honakoa askorentzat. Hala ere, sasoi honetan, batere erromantikoa ez den gaitz bat zabaldu ohi da: katarroa. Hemen dituzue marrantari aurre egiteko zenbait aholku.

1 Eskuak garbitu
Birusak eskuez harrapatzen dira askotan. Beraz, eskuak maiztasun handiz garbitzea arriskua uxatzeko biderik egokiena da.

2 Toki itxiak saihetsi
Ondo aireztuta ez dauden lekuak, jendez gainezka dauden tabernak… Tokiotan denbora asko igaroz gero, katarroa harrapatzeko aukera handiagoa da.

3 Bizimodu osasuntsua
Betikoa: dieta egokia, kirola, ondo lo egin… Parranda gutxiago, beraz.

4 Kontuz hotzarekin
Adituek diotenez, ez dago erabat frogatuta hotzak, berez, katarroa eragiten duenik. Hori bai, tenperatura aldaketekin (leku bero batetik kalera joaterakoan, esaterako) tentuz ibili behar da.

5 Estresa pikutara
Nekeak edo estresak gorputzaren babesak ahultzen ditu eta gaixotasunak harrapatzea errazten du.

6 Likido ugari
Katarroak harrapatu bazaitu, likidoak barra-barra edatea da onena: salda beroa, esnea, ura… Jendeak C bitamina onuragarria dela uste du eta horregatik, laranja zukua hartu ohi du. Hala ere, ez dago frogatuta sendagarria denik.

7 Ohera!
Katarroa sendatzeko modurik onena egun batzuk ohean pasatzea da, eta ahal dela, izerdia botatzea. Lan fisikoak egitea ez da ona izaten.

8 Tabakorik ez
Marranta izanez gero, erretzaileek zigarroak bazterrean utzi beharko lituzkete zenbait egunez.

Berakatza eta tipula


Katarroa sendatzeko, batzuek berakatz eta tipula txikitua jartzen dute plater batean, ohe ondoan. Ez dago garbi osabide hau oso zientifikoa ote den, baina zenbait adituren arabera, baliteke gaixoak, lo dagoela, berakatzaren eta tipularen zenbait osagai onuragarri arnastea.