Doktorearenera pasio bila

Doktorearenera pasio bila https://www.gaztezulo.eus/albisteak/doktorearenera-pasio-bila/@@download/image/41p12-1_1368106335.jpg
2004/05/07
erreportajea
Asier Mendizabal
Doktorearenera pasio bila
Urtebeteko atsedenaren ondoren, bueltan da Doctor Deseo Bilboko taldea. "Rompeme con mil caricias, cielo, rompeme" da taldeak kaleratu berri duen azken diskoaren izenburua.

Rock melodiko hiritarra, horixe izan daiteke Francis bilbotarra buru duen taldearen aurkezpenerako definizioa. Baina esaldi horri ñabardurak egitea ezinbestekoa da, izan ere, hau ez da edozein hiriko taldea; Bilbokoa da. Eta Bizkaiko hiriburua inspirazio iturri hartuta, maitasun eta gorroto poesiak, bazterketari eskainitakoak, sortu eta abestu ohi dituzte.

Gitarra jotzailea aldatu dute oraintsu, eta egun, Aitor Agiriano ari da, Kikeren ordez. Aldaketak, ordea, ez du taldearen egiteko moduan eta nortasunean inolako aldaketarik ekarri. "Atsekabe eta beldurren kronika da diskoa, bilatzen dabiltzanen kronika", esan digu Francis taldeko abeslariak. Estiloari dagokionez, hau esan digu Francisek: "Euskal Herrian egiten den musikatik nahiko bereiztuta ikusten dugu gure burua. Hala ere, nik harreman bikaina dut hemengo taldeekin".

Azken bost lanetan bezala, euskarazko kantu bat sartu dute diskoan, izan ere, Francisek dionez, "euskal hiztunak ez garen arren, zorretan gaude euskararekin".

Zakur zaharrak musika arloan
Une honetan diskoaren aurkezpen bira antolatzen ari dira. Hari guztiak ederki lotu nahi dituzte: argiak, soinua, kontzertuak eman behar dituzten tokietako azpiegiturak, taldeak…

30 kontzertu eskainiko dituzte datozen hilabeteetan; Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan izango dira, eta ondoren Espaina aldera joko dute. 
Ez dute arrakastarako desio berezirik, garrantzi gehiago ematen diote gauzak ondo egiteari, eta euren lana kontrolpean izateari. Ildo horretatik, lagunak izan dituzte aldamenean azken urteetan, eta horri esker, lanean "gustura eta patxadaz" aritu direla esan digu taldeko abeslariak. Heldutasuna antzeman daiteke Francisen hitzetan. 

Azken diskoan aparteko laguntzailea izan dute ahotsetan: Zea Mays-eko Aiora, hain zuzen. "Herri honetako ahots hunkigarrienetakoa da", dio Francisek. Hunkigarria Aioraren ahotsa, eta zeresanik ez Doctor Deseoren musika kronikak. Diskoa entzun besterik ez duzue.