'Dock of the Bay' musika dokumentalen jaialdia ekainaren 7tik 12ra izango da

'Dock of the Bay' musika dokumentalen jaialdia ekainaren 7tik 12ra izango da Hogeita hiru dokumental izango dira ikusgai eta, lehen aldiz, film laburrak ere lehiatuko dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/doc-of-the-bay-musika-dokumentalen-jaialdia-ekainaren-7tik-12ra-izango-da/@@download/image/dock of the bay.jpg
2021/05/21

Maitane Legarreta Etxezarreta

@mailegetx

Hogeita hiru dokumental izango dira ikusgai eta, lehen aldiz, film laburrak ere lehiatuko dira.
'Dock of the Bay' musika dokumentalen jaialdia ekainaren 7tik 12ra izango da

Dock of the Bay Musika Dokumentalen Donostiako Zinema Jaialdia ekainaren 7tik 12ra egingo da. 23 film dokumental proiektatuko dira jaialdiaren hogeita laugarren edizioan. Eva Rivera jaialdiko zuzendariaren hitzetan, "oso edizio zaila izan da, baina Kultura Seguru bat eskatzen dugu, eta zinema eta jaialdia aurrez aurre egin ahal izatea. Zinemaren eta kulturaren inguruko topagunea izan nahi du jaialdi honek. Badakigu arretaz eta kontuz jokatu behar dugula, baina baita bizitzarako funtsezkoak diren espazio horiek birpentsatzeko eta berriro konkistatzeko beharra dagoela ere". 

Edizio honetan zazpi lan luze aurkeztu dira lehiaketara eta horietako bost estreinaldiak dira. Dokumental horien artean dira Helmut Lachenmann konpositorearen erretratu pertsonala; Dima Punk, Marokon Punka izaten jarraitzeko zailtasunak kontatzen dituena; The Sound is innocent, soinu elektronikoaren eta esperimentalaren ingurukoa; Fuera del camino, musika talde gazte bati buruzko dokumental mexikarra; Poly Styrene: I am a cliché, Poly Styrene punkaren ikonoa izandakoaren heriotzaren erretratua; Sempre Dijous, Palma eta Bartzelona arteko  joan-etorriko bidaia kontatzen duena eta Mallorcako melodiak eta trapa uztartzen dituena; eta Subterranean, rockaren izarrak izatea erabakitzen duten bi madrildarren inguruko kontakizuna. 

Film laburrak ere bai
Zortzi film labur eskainiko dira ekainaren 10ean Donostiako Truebako bigarren aretoan egingo den saio bateratuan eta hauek ere lehian arituko dira. Emanaldi honetan ikusiko diren pelikulen artean daude  A concerto is a conversation,  jazz pianojole eta zinema-konpositore birtuoso baten istorioa kontatzen duena; A deer falling into the sea, antsietateari eta depresioari buruzko entsegua; Canto porque tengo que vivirIsrael Fernández flamenko-kantariarengana hurbiltzen gaituena; Entre el monte y la marisma, Camaron de Plata eta Juanillo flamenko kantarien erretratua; Hacer una diagonal con la música, Beatriz Ferreyra argentinar konpositore elektroakustikoaz hitz egiten duena; La tierra llama, La Habanan bizi diren euskal jatorriko lau emakumeren iragana ardatz duena; Os corpos, Ourensen ospatzen den inauteri jaiari buruzkoa; eta Still hungry, Asturiasen kokatutako skateboarding-aren erretratu esperimentala. 

Sariak eta epaimahaia
Film luzeen sail ofizialean Lois Patiño, Maialen Beloki eta Niño de Elche izango dira epaimahaikideak eta onena zein den aukeratu beharko dute. Film laburren sail ofizialean, berriz, Esther Cabero, Marina Lameiro eta Xabier Erkizia arituko dira langintza horretan. Horretaz gain, publikoak bi atal horietako onena aukeratuko du eta irabazleek Publikoaren Saria jasoko dute. 

Musika dokumental nabarmenenak
Urtero bezala, nazioarteko musika dokumentalik nabarmenenen aukeraketa bat egiten du Perfect Day atalak. Donostian oraindik ikusi ezin izan diren 8 film luze proiektatuko dira aurtengo edizioan. Hainbat gai jorratuko dituzte pelikuletan: musika elektronikoan aitzindari izan diren emakumeak, Beyonceren jarraitzaile brasildarren ibilerak edota 'Woodstock beltzaren' inguruko  kontakizuna. 

Bestelako ekitaldiak
Atal paraleloek osatzen dute programazioa: Dock Live!, Publiko Berriak atala, irratsaioak, kontzertuak, liburuen aurkezpenak eta elkarrizketak. Hainbat ekitaldi izango dira, besteak beste, Las Penas taldearen kontzertua, Ibon Errazkinen musika eta itzulpenari buruzko hitzaldia, sorkuntza eta industriari buruzko elkarrizketak, eta zuzeneko irrati emanaldiak eta podcastak. 

Jaialdiren webgunean programazioa osoa eta film bakoitzari buruzko xehetasunak daude irakurgai.