DMOZ, bestelako bilatzailea

DMOZ, bestelako bilatzailea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dmoz-bestelako-bilatzailea/@@download/image/22p16-1_1369853811.jpg
2002/09/06
erreportajea
Xabier Martinez de Arbulo
Betiko bilatzaileak gero eta gehiago aritzen dira diruari begira. Hau da, informaziorik onena eskaintzen duten web orrialdeei lehentasuna eman beharrean, gehien ordaintzen dutenei ematen diete. Hona hemen alternatiba: DMOZ.

Interneteko zenbait tokik eskaintzen diguten zerbitzu andanaren artean, egunero nabigatzen dutenek bilatzaileak erabiltzen dituzte gehien. Bilatzaileak informazioa aurkitzen laguntzen diguten horietxek dira. Kontuan hartu behar dugu sarean izugarrizko informazio pila gordetzen hasi dela. Beraz, informazio jakin bat eskuratu nahi dugunean, estatistikoki, aukera gehiago dago bilatzen ari garena ez aurkitzeko aurkitzeko baino, nahiz eta informazio hori web askotan egon.

Behin baino gehiagotan mintzatu gara jendeak kolaboratzea ahalbidetzen duten interneteko proiektuez, eta proiektuok, enpresa pribatuen menpe dauden zerbitzuekin alderatuta, eskaintzen dituzten abantailez. Izan ere, enpresa pribatuen menpekoak diruari begira ari dira beti, zerbitzu benetan erabilgarria eman beharrean. Honek esan nahi du bilatzaile asko ondorengo teknika erabiltzen hasi direla: lehendabizi gehien ordaintzen duen orrialdea agertzen da, bisitari edo informazio gehien duen orrialdea agertu ordez.

Oraingoan dakarkizuegun proiektua DMOZ da, Directory Mozilla. Ideia hau Mozilla egitasmoarekin lotuta dago; Internet Explorer bezalako bilatzaile pribatuei aurre egiteko sortutako nabigatzaile irekia. "Direktorioa" diogunean, web orrialde bilduma bati buruz ari gara eta baita orrialde haiei dagozkien azalpenei buruz ere. Bertan, eskuratu nahi dugun informazioa topa dezakegu.

Zergatik diogu irekia dela? Duela gutxi Wikipedia entziklopedia irekia aurkeztu genizuen eta han bezala, hemen ere edonoren iruzkinak eta iradokizunak onartzen dira. Jakina, helbideak ere hara bidal daitezke, proiektuak dituen milaka kolaboratzaileetako batek begiratu eta DMOZ direktorian sar ditzan.

Eta albiste on bat ere badugu. Izan ere, proiektua, ingelesez ezezik, euskaraz ere badago (3.587 web orrialde). Hortaz, zure web orrialderik gustukoenak bidali edota kolaboratzaile izan nahi baduzu (bidalitakoak begiratzeko) www.dmoz.org helbidera jo dezakezu. Hori bai, bilatzen ari zarena ez baduzu hor aurkitzen, beti duzu eskura www.google.com helbidea, bilatzaile hauxe baita diruarekiko menpekotasun gutxien duena.