DJ-en historia harrigarria (II)

DJ-en historia harrigarria (II) https://www.gaztezulo.eus/albisteak/djen-historia-harrigarria-ii/@@download/image/61p9-2.jpg
2006/03/03
erreportajea
Aritz "Sound System"
DJ-en historia harrigarria (II)
Aurreko zenbakian, Dj-en mundu harrigarrian lehen sartu-irtena egin genuen, disko-jartzaileen faunan topa daitezkeen espezietako batzuk nabarmenduz. Erreportaje honetan, beste lau espezie ezagutuko ditugu: Dj Psikologo, Dj Drug, Dj Negozio eta Dj Morroi. Datorren hilabeteko GAZTETXULOn, aldiz, festarik mundialena nola antolatu kontatuko dizuegu.

Gauaren magia. Zer ote du gauak, gure benetako izaera azalarazten duela? Gauez, egunean zehar soinean daramagun jantzia kentzen dugu, eta erabat biluzten gara. Gainera, substantzia kitzikagarriek biluzte prozesua azkartzen dute.

Teorian, diskoak jartzea da Dj-aren funtzioa. Festan dagoen jendearen, eta unearen eta lekuaren araberako musika jarriko du Dj-ak; beti ere, jendea dantzan jartzeko helburuaz (dantzan?). Kontua da, Dj-aren trebeziaren arabera, arreta handiagoa edo txikiagoa eskaini beharko diola diskoak ipintze horri.

Izan ere, diskoak jartzearena ez da lan erraza izaten. Eta are zailagoa izaten da, une bakoitzean aproposa izango den hurrengo kantu hori aukeratu eta bilatzeaz gain, kantu hori, aurrekoarekin txukun nahastu behar badu Dj jaunak. Eta hori guztia gutxi balitz, “hitz egitera” datorren jendeari kasu egin behar bazaio…

Dj psikologo

Zail samarra, ezta? Elizako konfesatokia bihurtu ote da Dj-aren txokoa edo kabina? Neska-mutilak utzi zaituela, eta norbaiten besondoa behar duzula? Zoaz Dj-arengana! Lanetik bota zaituztela, eta langabezia ko-bratzeko eskubiderik ez duzula? Zure futbol talde kuttunak etxean galdu duela? Bizilagunaren txakurrak kosk egin, eta ondoren galtzetan txiza egin dizula? Zoaz Dj-arengana! Sudurretik sartu duzun hautsak belarriak jateko gose ikaragarria sortu dizula, eta ingurukoak ihes egin dizutela? Lasai, zoaz Dj-arengana.

Dj-ak kasu e-gingo dizu, zi-ur. Soinu ekipoaren mahaian gurpilak jartzen ez dizkioten bitartean, Dj ez da bere lekutik mugituko. Beraz, lekutik mugitu ez bada, eta, gainera, tarte txikian bada ere, esaten diozunari arreta jartzen badio (edo horren itxura egiten badu), ez dago zalantzarik: santu izendatzeko puntu asko irabazi dituen bihotz oneko fededunaren aurrean zaude.

Eskerrak zuri, Dj jauna! Amaitu dira arazoak! Bat-batean, zure depresioaren diagnosi zehatza egingo dizu Dj-ak, eta, egoera sinestezin horri aurre egiteko, txoke terapia hoberena proposatuko dizu. Erlaxatu zaitez, belarriak adi jarri, eta musikaren uhinek, zure balizko arazo guztiak nola desagerrarazten dituzten ikusiko duzu. Ondoren, bake sentsazio handia nabarituko duzu. Eta ez ahaztu: hurrengo saioan, zita duzu Dj Psikologoarekin.

Dj drug

Ba al da festa drogarik gabe? Festarik egin daiteke droga gabe? Gu baiezkoan gaude; zalantzarik gabe. Gauza asko aldatu beharko lirateke, ordea, balizko egoera horretara iristeko. Asko hausnartu, eta asko hitz egin beharko litzateke. Drogarik gabeko festa nahi dugu?

Gaur egun, lotura zuzena dago festa eta drogen artean (legezkoak eta legez kanpokoak). Eta festako erregea Dj-a bada, droga kontuetan ere zeresana izango du, ezta? Nola ulertu, bestela, egunez (edo arratsaldez esan beharko genuke, Dj-ak goiza ohean pasatzen baitu), itxura “normala” duen pertsona horrek, horrelako eraldaketa pairatzea gauean? Janzkera hori, lepoko eta eraztun horiek. Nondik atera ditu! Zergatik mugitzen da horrela? Eta mikrofonoa hartzen duenean? Hori tontakeria eta garrasi pila! Isilarazi dezatela mesedez!

Dj-a festa guztietan dago, asteartetik igandera. Udan, astelehenetik igandera. Beti ikusiko duzu irribarrea ahoan, eta edalontzia eskuan; ez da geldirik egoten. Ez duzu inoiz txoko batean eserita ikusiko. Musika jartzen ez dagoenean, hor ikusiko duzu jendearekin hizketan (musikari buruz, noski) edo dantzan (dantzan?).

Erantzuna baiezkoa izango da beti. Modako diskotekan, taberna zu-loan, edota jaietako txosnan egiten badiozu galdera, baina horrek berdin dio. Berdin dio lekua back-stagea izan, komuna edo automobilaren kapota. Galdera berdina izaten da leku guztietan, eta baita erantzuna ere: “bai, noski”. Berdin dio arratsaldeko zazpiak, goizaldeko bostak, edo goizeko hamarrakixsn. Eztarria, sudurra edo zaina. Edo hirurak batera. Berdin dio.

Dj-ak ez du inoiz ajerik izaten, eta ez da inoiz gaixotzen. Beti dago (egon behar du) festarako prest. Urteak pasatu, eta Dj-a gazte mantentzen da beti. Harrigarria ezta? Dj agurerik ezagutzen duzu?  

Dj negozio

Dj-aren glamourra. Neska ederrak barra-barra, kotxe garestiak, modako jantziak, hiri batetik bestera bidaiak, luxuzko hotelak, janari exotikoak jatetxe garestietan… Dj-aren “kultura” errotuta dagoen herrialdeetan, Dj “on” batek dirutza jaso dezake musika jartzearen truke. Mundu mailako Dj ezagunenek, 6.000 euro (eta gehiago) jaso ditzakete bi edo hiru ordutako saio batengatik. Edozein Dj-aren ametsa omen da, ezta?

Euskal Herrian, aldiz, ametsa amesgaizto bihur daiteke. Musika entzuteagatik (eta ez soilik ikusteagatik), dirua ordainduko lukeen norbait ezagutzen duzu? Galdera tontoa dirudi, ezta? Norbait musika jartzen entzuteagatik, dirua ordaindu? Mesedez!

Euskal Herrian alderantzizkoa ere gerta daiteke; hau da, musika jartzeagatik dirua ordainduko lukeenik ere bada. Benetan. Diru kontuaz ari garenean, gehienetan, antolatzaileen borondatearen araberakoa izan ohi da afera. Eta antolatzaileak egun ona edo txarra izan duen, hori ere kontuan hartu be-har da. Euskal Herriko Dj-aren lan baldintzak ez dira batere samurrak.

Dj morroi

Gauaren “osagarri” izan ohi da Dj-a; hutsuneak betetzen dituen morroia, alegia. Bera izaten da beti gaua ixten duena, eta ordutegia ere, ez da oso “osasungarria” izaten. Dj-ren lana, jende guztia “extasi egoeran” dagoenean (beste zerbait ez esateagatik) hasten da, eta hobe du, bera ere, jendearen “mailan” egotea.

Ziurrenik, lokalaren txoko ilun eta zikin batean jarriko dute Dj; inori oztoporik egingo ez dion lekuan. Berdin dio baldintza teknikoak tamalgarriak badira ere; azken finean, goizeko bostetatik aurrera, nork egiten dio kasu bafle kaxkar horietatik, soinu metalikoaz ateratzen den soinu pobre horri?

Dj-ren lana ez da bukatzen festa amaitutakoan. Arropa jendeak isuri dion kalimotxoaz zipriztindua duela, ekipoari jasotzeari ekingo dio Dj-ak. Bakarrik dago. Festa hasieran zituen “kolegak” ondoko diskotekan galdu dira, eta kableak jasotzera gerturatu zaion “lagunak”, lan gehiago utzi dio. Bizkarra izorratua du, eta besoak minduta.

Jende artean bultzaka ibili eta gero, lortu du trasteak automobilean sartzea (bidean lapurtu diotena ezik). Bidaia luzea du aurretik. Ea gaurkoan aberiarik ez duen. Esna mantendu behar du, eta arretaz gidatu. Etxetik ateratzerakoan piztutako kandelek ez diote askorako balio izan, eta era guztietako poliziek bere segurtasunerako jarritako kontrol guztiak irentsi ditu. Nork ordainduko ditu isunak?

Azkenean, iritsi da etxera. Ekipoa deskargatu, eta garbitu ederra eman beharko dio automobilari. Hori kiratsa dariona! Lehertuta dago, baina pozik. Gau osoan, gustuko ez dituen taldeak jasan behar izan ditu; xolomo ogitarteko hotza jan du, eta kañeroko garagardo epela edan, eta, txokoan, inor ezagutu gabe etxeratu da. Azkenean, hogei ta bost minutuz aritu da musika ipintzen, barrako zerbitzariak aholkatu dizkion diskoko bi kantu eta guzti. Berea bai meritua!