DJ Bull: "Bakailua sagardotegietan"

DJ Bull: "Bakailua sagardotegietan" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dj-bull-quotbakailua-sagardotegietanquot/@@download/image/64p23-1_1365593600.jpg
2006/06/02
elkarrizketa
Unai Brea
DJ Bull: "Bakailua sagardotegietan"
Umetan Jon Gurrutxaga zen, baina, behinola, norbaitek Bull goitizenez bataiatu zuen, eta akabo Jon. Irurakoa da, 31 urte ditu eta Euskal Herriko leku askotan da ezaguna. Bull non, giroa han. Andoaingo Zine eta Bideo Eskolan egin zituen ikasketak, eta gaur egun ETBn dihardu, teknikari-laguntzaile. Gau askotan, berriz, beste lanbide bat dauka: orduan Dj Bull da, eta gu guztiok dantzan jartzen ahalegintzen da.

Urte batzuk daramatzazu Dj moduan, herririk herri musika jartzen. Baina nahikoa modu bitxian sartu omen zinen mundu horretan. Parrandazale handia izatetik dator hau guztia…  
Bai. Parrandazalea naiz, eta musika ere txikitatik gustatu izan zait. Tabernan nengoela, poteoan dezente ibilita, beharbada musika jartzen nuen. Zerbait grabatu, eta betiko tabernan jarri. Eta horrela hasi nintzen.

Ohitura omen zeneukan gainera, gaupasetako azken orduetan, dultzaina atera eta jotzen hasteko…

Bai, hori ere beti egin dut. Ordurik ez daukagu parranda bukatzeko eta… Parrandazale handia naiz oraindik. eta hori igarri egiten da musika jartzeko garaian: ez dut bukatzeko ordurik izaten.

Eta orain, dultzaina ahaztuta daukazu ala?

Ez, oraindik segitzen dut dultzaina atera eta jotzen, ohitura hori ez da galdu behar.

Lanbidea duzu Dj izatea? Horretaz bizi zara?

Ez, telebistan egiten dut lan. Hala ere, musikaren kontua lana ere bada. Jendeak animatuta hasi nintzen. Lagunek, betiko tabernetan ikusita, zera esaten zidaten: "Zergatik ez duk Dj gisa izena eman, eta plazetan musika jartzen?". Eta hala hasi  nintzen. Hasieran ezagunekin, gero zabalduz joan zen gauza… Egun Euskal herrian barrena nabil.

Web orri eta guzti gainera: www.djbull.net

Bai, nahikoa internet zalea naiz. Lehengusu batek egin zidan diseinua.

Nondik atera duzu Dj Bull izena?

Bull betidanik esan didate. AEK Egun batean, lagun koadrila batek jarri zidan goitizena, "Juzgado de Guardia" telesaileko pertsonaia hura zela eta. Haren antza omen neukan, eta jende guztiak Bull esaten dit orain. Jende askok ez daki Jon dela nire benetako izena.  

Negozioa ondo doakizu? Asko deitzen dizute?

Dezente deitzen didate, bai. Beno, ez dakit, ez dakit asko ala gutxi ote den, baina nire ustez, behintzat, ondo doakit.

Hain parrandazalea izanda, nola bizi duzu parranda, gaua, Dj ari zarenean? Beste modu batera dibertitzen zara?

Bai, halaxe da. Musikarekin dibertitzen naiz. Ez da parranda-parranda, baina… Dena dela, benetako parranda egiteko denbora ere izaten dut. Bestela, bilatu egiten da.

Eta zelako lekutan aritzen zara? Plazetan, tabernetan…

Txosnetan, gaztetxetan… Nahiago ditut horrelakoak plazak baino. Plaza batean aritzeko ikuskizun bat prestatu behar duzu, eta ez musika jarri bakarrik. Izan ere, ez da gerturatzen soil-soilik dantza egiten duen jendea, begira geratzen den jende hori ere bada, eta beraz, ezinbestean ikuskizun bat sortu behar da. Nik musika jartzen dut, besterik gabe; horregatik ez zait plaza gustatzen. Hala ere, plazetara ere joan egiten naiz.

Hasi berri da uda, eta jai sasoia. Agenda nola daukazu?

Nahikoa beteta.

Baina ezin izango duzu edozein egunetan aritu, hurrengo egunean lan egin behar baduzu…

Moldatzen naiz, eta edozein egunetan egiten dut.

Gaupasaz ere joango zinen inoiz lanera, orduan?

Baten batean, bai. Baina saiatzen naiz libratzen, lanarekin moldatzen. Biak batera tokatzen bazaizkit, lanean ordutegi aldaketa egiten dut.

Lanean zaudela ere horrelakoa izaten zara, beti musikarekin gora eta behera?

Bai. Saltseroa, nahikoa saltseroa, etxean geratzen den horietakoa ez naiz.

Azken urteotan modan daude Djak, eta gainera betiko plaza taldeei lehia gogorra egiten diete…

Nik ez du uste Djak musika taldeei lekua kentzen ari zaizkienik. Hori pentsatzen duenak… gehiago ikusten dut osagarri moduan. Dj batzuk, gehien ezagutzen ditugunak, plazetan ibiltzen dira, baina nik gutxi aditu ditut. Kontua da giroa, nik uste, beste aro batean dela. Erromeriak dagoeneko ez dio ezer esaten jendeari; herri txikietan sortzen den giroa, erromeria hori, agortu egin da. Gero berriro etorriko da; hori aldikakoa izaten dela uste dut. Baina orain jaiak ere laburragoak egiten dituzte eta… Hala eta guztiz ere, erromeriak egon badaude, eta Djek ez diete lekua kentzen. Osagarri moduan ikusten dut nik. Orain gutxitan jotzen dute hamaiketatik lauretara arte. Beharbada kontzertu bat hasieran, eta gero Dja.

Gipuzkoan ibiltzen zara gehien?

Bai, baina hasi zaizkit Bizkaitik deitzen. Horretarako ezaguna izan behar da, eta hori azkenean, marketinaren esku dago. Eta, egia esan, ni ez naiz gehiegi mugitzen marketina egiteko garaian. Lana badaukadanez, deitzen didatenarekin nahikoa izaten dut.

Ezetz esaten hasiko zinateke telefonoa sarriago jotzen hasiz gero?

Ez, libre baldin banago ez daukat arazorik.

Non ibiltzen zara gehiago, herri txikietan, hiri handietan…?

Herri txikietan gehiago

Eta oso ezberdina da, zuri dagokizunez, giroa?

Bilduagoa, beroagoa. Hiri handietan gune ezberdinak daude, eta jendea batetik bestera ibiltzen da. Jendeari ez bazaio zer edo zer gustatzen, ez da gehiago bertara azaltzen, baina herri txikietan, gustatu ala ez gustatu, hor geratzen zaizu. Errazagoa da herri txikietan hiri handietan baino.

Gainean izaten al duzu jendea "jarri halako abestia, edo bestea…" erreguka?

Leku batzuetan, bai. Hurbilago egoten naiz-eta jendearengandik. Beste batzuetan ez. Hasieran ez dira gehiegi hurbiltzen, parrandaren hasieran daudelako eta nahikoa konfiantzarik ez dutelako. Gero, ordea, bai: jarri hau, jarri bestea…

Trago batzuk edanda, batez ere…

Bai, eta batzuei eskatutakoa jartzen diet. Eskatzen duten moduaren arabera…

Eta zer eskatzen dute?

Lekuaren arabera izaten da. Gaztetxe batean musika gogorra, rocka eta abar, jartzeko eskatzen didate. Beste leku batzuetan, berriz, beste zer edo zer. Askotan jendearen eskaera punba-punba hori da, bakalaoa-eta, elektronikoa, gehiegizkoa. Hori ez, ezetz esaten diet. Nire leloa beti izan da "Bakailua sagardotegietan".

Bakarrik egoten zara?

Normalean, bai. Batzuetan, leku handietan, soinu-tresneria alokatu egiten dut eta horko teknikariekin aritzen naiz, baina bestela bakarrik. Nik prestatzen dut nire ekipo txikia.

Behin, ezkontzetan musika jartzen duen bati entzun genion ezin dela jarri, esate baterako, Bruce Springsteen eta gero flamenkoa, edo alderantziz. Bat zatoz?

Bere iritzia izango da. Jendeak eskatzen badu… Batez ere, non eta ezkontzetan; ezkontzetara era guztietako jendea joaten da, oso gauza ezberdinak gustuko dituen jendea. Hara, ni saiatzen naiz estiloen arabera musika mailakatzen, baina ez dut arautzat hartzen. Hortaz, une batean, jauzi egin behar badut flamenkotik Bruce Springsteenera, edo Bruce Springsteenetik arin-arin batera, hala egingo dut, ez daukat arazorik.  Jartzen ari zarenak ez duela funtzionatzen konturatu, eta norbaitek fandangoa eskatzen badizu, ba fandangoa! Eskatzen badute, nahi dutelako da, eta baten batek behintzat dantza egingo du.

Zein da egin dizuten eskaerarik bitxiena?

Ez naiz ezer bitxiaz gogoratzen. Lehengoan, Orexa herri euskaldun peto-petoan, "El vals de las mariposas" eskatu zidaten, eta hantxe neukan, "Ezkontzeratako baltsak" sailean gordeta.

Eta sasoian zabiltza, 31 urterekin eta hainbeste urte parranda parrandaren ondotik?

Oraindik sendo ikusten dut neure burua. Gero, "stop" egin behar denean, "stop" egingo dugu.

Zure herriko jaietan jarri izan duzu musika?

Bai, baina plazan ez; normalean gazteen lokalen batean edo txosnan edo…  Plazan aritzea ez zait batere gustatzen; eta herrikoan gutxiago. Baina deitzen didatenean, plazetara joango naiz. Deitzen badidate, jendeak ni egotea nahi duelako da, eta joan egingo naiz.