Dina Bilbaok utzitako arrastoa

Dina Bilbaok utzitako arrastoa https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/06/04
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa
Dina Bilbaok utzitako arrastoa
Euskal triatleta aitzindaria, kirola eta bidaiak ardatz hartuta bizi izan zen Dina Bilbao (1960, Ondarroa – 1997, Antigua irla). Nagore Salaberriak idatzi berri du bere biografia.


Ondarroako Udaleko Kultura eta Kirol Batzordearen beka bati esker eta Ondarroako Historia Zaleak elkartearen laguntzarekin, Nagore Salaberria iruratarrak Dina Bilbaoren bizitza laburbiltzen duen liburua argitaratu berri du. Bilbaoren hurbilekoei egindako elkarrizketak eta haren egunerokoak hartu ditu oinarri.
Unibertsitate garaian Josu Iztueta ezagutu zuen Bilbaok, Tolosara joan zen bizitzera eta hango lagunen eskutik hasi zen kirola serio praktikatzen, eskia adibidez. Era berean, hainbat kirol loratzen hasiak ziren Euskal Herrian garai hartan, eta horien artean, piraguismoa egiteari ekin zion. Ikasitakoa beste batzuei irakasteko gogoz, iraupen eski eta piraguismo ikastaroak eskaintzen hasi zen.
Goi mailako kirolean, baina, bizikleta gainean hasi zen, Seat-Orbea taldean. "Esperientziarik ez zuen, baina ez zion bere buruari mugarik jartzen. ‘Zergatik ez?’ jarrera hartzen zuen erronka guztien aurrean", dio Salaberriak. Triatloia Euskal Herrira iritsi zenean, baina,  erakargarriagoa iruditu zitzaion. Salaberriaren hitzetan, "Dinarentzat txirrindularitzako lasterketetan erabiltzen diren estrategiek ez zuten zerikusirik kirolarien banakako gaitasunekin. Triatloian, aldiz, nor bere buruaren aurka aritzen zela zioen". Hala, gustuko kirol berria zabaltzeko asmoz sortu zuen lagunekin batera Tolosaldeko Triatloi Taldea.
80ko hamarkada erdialdetik 90eko hasierara bitartean, Espainiar estatuko emakume erreferentea izan zen triatloian Isabel Dumallekin batera:  "lagun minak egin ziren. Espainiako lehen emakumea izan zen Ironman bat egiten. Ehundik gora triatloi eta duatloi egin zituen, eta hainbat errekor ezarri zituen", azpimarratu du Salaberriak.
Lasterketetan irabazitako dirua bidaiatzeko erabiltzen zuen, horixe baitzen Bilbaoren beste pasioa: leku berriak ezagutu eta bertako kultura eta jendearekin hartuemana izatea. "Nazioarteko lasterketek bisitatzen zuen lurralde hura ezagutzeko aukera ematen zioten", zehaztu du Salaberriak. "Iztueta bikotekideak eta Angel Ortizek Nairobitarra elkartearekin egiten zituzten bidaiak eta horiek aurrera eramateko modua jarraitu zituen Dinak ere. Mantso bidaiatuta bizipen sakonagoak lortzen direla eta zure medio propioez herrixka batera gerturatzen zarenean bertako biztanleek harrera hobea egiten dizutela argudiatzen zuen".

Espedizioak
Hainbat espedizio burutu zituen Bilbaok. Ondokoak azpimarratuko lituzke Salaberriak: Laponiako eski zeharkaldia (1984), Groenlandiako zeharkaldia (1988), Artikotik Tropikora egindakoa (1993), eta azken bat, beste hiru andrazkorekin batera Andaman irletan arraunean egindako espedizioa (1988); azken horretan ondoko esaldia utzi zuen idatzita egunerokoan: "Bide nagusitik ateratzen denak urrats eta arrasto hobeak uzten ditu, eta norberari nabarmenagoak gertatzen zaizkio".
33 urterekin, Tolosa utzi eta Antigua irlara bizitzera joatea erabaki zuen, Karibera. Bere gertukoenen esanen arabera, aldaketarako arrazoi nagusia maitasuna izan zen: ordurako Iñigo Rossekin maiteminduta zegoen. Salaberriaren ustez, beste faktore batek ere izan zuen eragina: "Kirolari zegokionez, triatloian garairik aktiboena amaitzen ari zela bazekien, eta bizitzaren beste fase baten sartzear zela konturatu zela dirudi. Fase berri hori Antiguan eta Iñigorekin abiatzea erabaki zuen".
1997ko ekainaren 24an, Karibeko itsasoa katamaranez gurutzatzen ari ziren Ross eta bera. Grenada eta Antigua irlen artean matxura bat izan zuten, eta une hartan, itsasoa zakartzen hasi zen. Ontzia pare bat aldiz irauli ostean, deribara geratu ziren. Erreskate zerbitzuak gogor saiatu ziren bikotea aurkitzen, baina ekainaren 29an galdutzat, eta ondorioz, hiltzat jo zituzten.
Kirola eta bidaiak ardatz hartuta, askatasunean oinarritutako bizitza izan zuen Salaberriaren hitzetan: "Pertsonek elkarri mugak jartzearen aurka zegoen. Bakoitzak bere nahia betetzeko gai izan behar lukeela defendatzen zuen. Nahi hori betetzeko oztopoak pertsonalak direnean, norberak erabaki dezake noraino bultzatu eta non etsi, baina kanpotik ezarritako mugak ez zituen onartzen. Eta ahal zuen guztia egiten zuen bere buruarentzat zein ingurukoentzat oztopo sozial edo material horiek gainditzeko. Baikorra zen, eta baikortasun hori trasmititzen zuen".

Liburua 12 eurotan eskura daiteke ondoko lekuetan:


- Ondarroa: liburudenda eta kiskoetan.
- Tolosa: Aranburu eta Babel liburu dendetan, Aralar eta IBK kirol dendetan, Karlis argazki dendan eta Bidaiarien Txokoan.
- Donostia: Hontza eta Donosti liburu dendetan eta Izadi kirol dendan.
- Iruñea: Muga liburu dendan.
- Elkar liburu denden sarean (soilik eskaera bitartez).