Diktadorea barregarri

Diktadorea barregarri https://www.gaztezulo.eus/albisteak/diktadorea-barregarri/@@download/image/80p36chaplin.jpg
2007/12/07
erreportajea
Diktadorea barregarri


Abenduaren 25ean 30 urte beteko dira Charles Chaplin hil zenetik. Egun horretan urtemuga guztietan bezala gertatuko da. Batetik, Chaplinen betiko jarraitzaileak garai bateko magia berpizten saiatuko dira. Bestetik, Chaplinen mundura lehen aldiz hurbiltzen direnek ezusteko galanta hartuko dute; topiko asko hautsiko dizkien ustekabea.

Gogorarazteko moduko film asko egin zituen aktore ingelesak. Baina horien guztien artean, bat aholkatu nahi dizuegu: The great dictator (1940). Eta zergatik film hau? Pare bat arrazoirengatik, besteak beste.
•
Gutxitan egin delako faxismoaren satira indartsuagorik, eta horrexegatik, berrikustea komeni den film horietako bat delako. XXI. mendean ere satirak egiten jarraitu eta horretarako ideiak hartzearren besterik ez bada, ariketa osasuntsua da The great dictator. Tamalez. orain ere ez dira satirarako hautagaiak falta.
•
Hilabete barru, 2008ko urtarrilaren 30ean, 75 urte beteko direlako Adolf Hitler Alemaniako kantziller izendatu zutenetik. Egun hura nazismoaren gorakadaren hasiera izan zen, eta handik zazpi urtera heldu zen Chaplinen begirada zorrotza. Urteurrenaren harira bonbardatuko gaituzten erreportaje eta dokumentalen ondoan jar dezatela film hau.

The great dictator
1940ko urriaren 15ean estreinatu zuten New Yorken. Hego Euskal Herrian, aldiz, zentsuratuta egon zen 1975era arte, eta egia esan, ez da harritzekoa zentsuratu izana: Francoren zentsoreei kontrako eztarritik joan zitzaien film zorrotz hau, ultzeratxo bat eragiteraino. Nolako ausardia Chaplinena, garai hartako diktadoreei alter egoak sortzeko eta denen aurrean barregarri uzteko: Adolf Hitlerri Astolfo Hynkel anaia bikia sortzea ere! Eta Benito Mussolini ispilu aurrean jarri eta Benzino Napaloni bihurtzea! Halakorik!

The great dictator
Charles Chaplinen lehen film soinuduna izan zen, eta Charlot arlotearen azkenekoa. Zurrumurruen arabera, Hitlerren beraren film maitatuenetako bat zen. Diktadoreak bere buruaz barre egiten ote zekien, edo besterik gabe, berez, horretan ere baregarria ote zen, ez dago jakiterik. Ikusi eta gozatu.