Denon herria

Denon herria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/denon-herria/@@download/image/11_kolore_slide_1365583245.jpg
2013/04/08
erreportajea
Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena, Argazkiak: EH 11 Kolore
Denon herria
Iragan azaroan izan genuen Euskal Herria 11 Kolore herri ekimenaren berri: esparru akademikotik, kulturaletik, sozialetik, ekintzailetik eta bestelakoetatik etorritako jendea batu eta gure jendartearen errealitate anitzaren inguruan hausnartzeko beharra aldarrikatu zuen, "gora aniztasuna!" defendatuz.


Asmoak plazaratu eta lau haizetara zabaltzea zen lehen erronka; ekimena abian zela adierazi eta konplizitateak bilatzea bigarrena; eta orain Aniztasunaren Sarea delakoa josten dihardute.

Momentuz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes instituzionala dute, Donostiako Udalarekin harremanetan daude eta bidelagun gehiagoren bila ere badabiltza."Hala ere, ez da erakundeena behar dugun sostengu bakarra", argitu nahi du Samira Goddi bozeramaileak. "Premiazkoa ikusten dugu askotariko herri eragile, elkarte, federazio eta sindikatu gurera batzea eta, batez ere, lankidetzarako prestutasuna eta elkarlana bideratzea". Guztia gure garaiko Euskal Herriaren aniztasun kulturala aitortu, bisibilizatu eta bultzatzearen mesedetan, "elkar ezagutza topaguneak ahalbidetzeko".

Dagoeneko bostehun sinadura baino gehiagok egin dute Euskal Herria 11 Koloreren manifestuaren alde eta 900 bat kolektiborekin daude harremanetan, "jatorri, mota eta eremu desberdinetakoak" gaineratu du Goddik, "denok baikara herri honen partaide". Momentuz, euskal lurraldean ari dira lanean, baina baliteke aurki diasporarekin ere harremanetan jartzea.

Orain arte antolatu dituzten ekintzek –kultur aniztasunaren aldeko jaialdia otsailean Bilborocken; Estaturik gabeko nazioetan Aniztasunaren Kudeaketarako Jardunaldiak martxo erdialdean Donostian; eta Aniztasunaren Kilometroa martxoaren 21ean Korrikaren baitan, besteak beste– harrera bikaina eta naturala izan dute herritarren artean. "Joan-etorriak herri honen historiaren parte dira. Euskal jendartea osatzen dugunok sineskera, hizkuntza, tradizio, ohitura eta erlijio askotarikoak izan gara betidanik. Horiek errespetatu eta sustatzeko bidea egitearekin batera, gure altxorra den euskara zabaltzea erronka ederra da".
Izan ere, eta martxoan antolatutako jardunaldietatik ateratako ondorio nagusia da hau, ezin da subiranotasun prozesurik aurrera eraman elkarrekin bizi diren identitateen aniztasuna onartu gabe.

Ba al zenekien?


Egun, 130 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira Euskal Herrian.

EH 11 Koloreren lau konpromisoak


* Euskal Herriko herritar guztien eskubideen, betebeharren eta aukeren berdintasuna defendatzea, haien jatorria edozein dela ere, jatorri edo identitate arrazoiengatik izan daitekeen edozein diskriminazio egoera arbuiatuz, eta hura gainditzeko lan eginez.
* Euskal gizartearen kultura aniztasuna babestea eta sustatzea, berezko balio gisa, joera uniformatzaile eta asimilatzaileen aurrean.
* Jatorri askotako euskal herritarren arteko topaketako, elkarrekintzako eta elkarlaneko esparruen alde egitea, gure aniztasuna ikusgai bihurtuz, eta elkar ezagutzako dinamikei bide emanez, elkarrekiko errespetua eta onarpena lortzeko.
* Gogoeta, elkarrizketa eta etengabeko eztabaida bultzatzea euskal gizarte osoan, bizikidetza eraikitzeko asmoz, geure aniztasunetik abiatuta, denok parte sentituko garen gizartea osatuz.