"Dendaostekoak": Uxue Alberdi idazlearen denda baten kronika
Denda baten kronika literarioa egin du Uxue Alberdi idazle elgoibartarrak Dendaostekoak izenburu duen liburu berrian. Dendari birekin izandako elkarrizketetatik jasotakoa antolatu du idazleak eleberria osatzeko.
2019ko urritik 2020ko martxora bitartean, asteazkenero bildu da Alberdi bi dendarirekin Elgoibarko Pitxintxu dendako dendaostean eta bi-hiru orduko elkarrizketak mantendu ditu bakoitzean.
Liburua elkarrizketa luze bat bezala irakur daiteke, ordu askotako elkarrizketa askoren eta haien lanketaren eta muntaiaren emaitza dela dio. Informazioaren bila egin dut lan, tonu desberdinen bila, paisaia, argiztatzea, pertsonaia, testura eta erritmo desberdinen bila, kontatu du idazleak. Liburuak denda bera eta dendarien arlo pertsonala eta soziala uztartzen ditu. Liburuan dendako bizipenak narratzaileen egunerokotasunarekin nahasten dira eta urte horietan gertatzen ari denarekin.
Egileak inoiz idatzi duen libururik umoretsuena dela aitortu du, karnabal bat da, disparate eder bat, festa bat. Ez dago espaziorik malenkoniarentzat, mugimenduari eutsi behar zaio, jendeari kasu egin, kutxetatik atera behar dira salgaiak, baita memoria, zauriak eta asmoak ere. Umorea eta auto-ironia daude dendarien ahotsetan eta ez dituzte zenbait kontu zikin isiltzen.