Delorean: "Abestiak azken muturreraino eramatea da gure helburua"

Delorean: "Abestiak azken muturreraino eramatea da gure helburua" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/delorean-quotabestiak-azken-muturreraino--eramatea-da-gure-helburuaquot/@@download/image/20091224691delorean.jpg
2009/12/04
elkarrizketa
Testua: Antxoka Agirre.
Delorean: "Abestiak azken muturreraino  eramatea da gure helburua"
Orduak eta orduak pasatu dituzte musika dendatan edo Interneten sartuta, doinu berrien bila. hori da euren zaletasun nagusia. Azken aldian, ordea, ezertarako astirik gabe dabiltza. azken lanak, 'Ayrton Senna', oso kritika onak jaso ditu nazioarteko aldizkari espezializatuetan, eta agenda toperaino bete zaie: kontzertuak New York, Paris edo Addis Abeban, elkarrizketa mordoa, diskoetxe handien eskaintzak...  disko berria kaleratuko dute, gainera, otsailean.

Ekhi Lopetegi (ahotsa eta baxua), Guillermo Guerrero (gitarra eta teklatuak), Unai Lazkano (gitarra eta teklatuak) eta Igor Escuderok (bateria) osatzen dute Delorean. 2000. urtean sortu zen taldea, eta Silohuettes (2001), Delorean (2004) eta Into the plateau (2006) diskoak kaleratu dituzte. Taldearen sorreratik 80ko hamarkadako pop edo post-punk ilunena eta musika elektronikoaren arteko fusioa landu dute, eta EPa kaleratu aurretik talde ezagunen remixak egiten aritu dira bizpahiru urtean.

Azken hilabeteotako arrakasta Pitchfork aldizkariaren aipamen batekin hasi zen. Musika alternatiboan espezializaturiko Ameriketako Estatu Batuetako aldizkari ezagunena da Pitchfork, online aldizkari bat, eta urteko lanik interesgarrienen artean sartu zuen Deloreanen Ayrton Senna. Honen ondotik, aipamenak eta laudorioak errenkadan iritsi zaizkie: New Musical Express, XLR8R, The Fader, ABC News, The Guardian... Oso gazteak izan arren, lehendik ere ezagunak ziren zarauztarrak Europako zirkuitu alternatiboetan, baina oraingoan lortu duten oihartzunak sekulako jauzi kualitatiboa dakar. Aparrak bezala egin dute gora.
Donostikluba Jaialdira etorriak zirela aprobetxatu dugu eurekin egoteko.

Bartzelonan bizi dira eta kontzerturen bat dutenean bakarrik etorri ohi dira Euskal Herrira. Soinu proben ondotik egin dugu elkarrizketa Ekhirekin eta Igorrekin, kontzertua hasi baina pare bat ordu lehenago.

Kritika onak, kontzertu garrantzitsuak, komunikabideen interesa. Zer sentitzen duzue arrakasta honen guztiaren aurrean?

Igor Escudero: Oso gustura gaude. Zerura iritsi izan bagina bezala sentitzen gara askotan. Baina, beste alde batetik, lehen baino askoz ere lan handiagoa dugu. Eskaileraren maila bat igo dugu, eta hor mantentzen saiatu nahi genuke lana gogor eginez.
Ekhi Lopetegi: Haserako euforiaren ondoren, hankak lurrean jarri nahian gabiltza. Konturatzen zara, momentu garrantzitsua dela eta erabakiak ondo hartu behar dituzula. Ate asko ireki zaizkigu baina denak ez dira ziurrak. Multinazional handi batzuk ere ibili zaizkigu deika... Gauza asko erori egiten dira, eta beste berri batzuk sortzen dira... Kristoren emozioarekin bizi dugu gertatzen ari den guztia, baina, aldi berean, kristoren lana da, eta kristoren kezka ere bai batzuetan.   

Nola lortzen da Pitchforken aipamen bat? Diskoetxearen marketin lan on bat, kontaktuak...

E.L.:  Egia esan ez dakigu zehazki nola iritsi den gure EPa Pitchforkera. Diskoetxearen marketina behintzat ez da izan, EPa diskoetxe txiki batekin atera baitugu. Suposatzen dugu azken bi urteotan remixak eginaz burutu dugun lanak zerikusiren bat izango zuela. Pitchfork Interneteko aldizkari bat da, eta gure remix horiek oso ondo funtzionatu dute sarean.

Nondik sortu zen remixak egiteko aukera? Nahikoa kontu arrotza da hau euskal taldeen artean.  
 
E.L.: Lemonaderen abesti bat izan zen lehenengoa, 2006an, gure azken diskoa kaleratu ondoren. Gurearen antzeko musika egiten du Lemonadek, eurekin kontzertu batzuk eginak ginen, eta harreman horretatik sortu zen aukera. Kritika onak eta dezenteko arrakasta izan zituen remixak, eta hortik beste talde ezagun batzuen abestiak eskaini zizkiguten: Teenagers, Mistery Yets, Big Pink... Oso modu naturalean gertatu da dena.
I.E.: Asko ikasi dugu bi edo hiru urte hauetan. Gainera kanpoko jende pila bat ezagutu ahal izan dugu, eta oso harreman onak egin ditugu, lagunak ere bai. Oso esperientzia aberasgarria izan da remixena.

Egindako bidearen oinarri gisa Internet aipatu duzue.

I.E.: Gaur egun taldeek zuzenean jotzetik ateratzen dugu dirua; disko salmenta duela hamar urtetako kontua da. Garrantzitsuena jendeak zure taldea ezagutzea da, eta talde gehienek oso argi daukate horretarako funtsezkoa dela sarean ondo funtzionatzea. Geroz eta webgune eta blog gehiago, myspace-ak eta abar, ikus daitezke sarean musikaren inguruan.
E.L.: Batez ere blogetan mp3 mordo bat ibiltzen da batetik bestera, eta hor egin dugu bidea. Gu prentsa idatzian ez gara atera hiru urtean, baina sareko prentsan edo blogetan bai... eta gero bueltan etorri da prentsa idatzia.

Online kontzertu bat ere eman zenuten, Eristoff-ek antolatua.

E.L: Eristoff Internative Festival du izena proiektuak eta urtaro bakoitzeko lehen ilargi betearekin Internet bidez bakarrik jarrai daitekeen kontzertu bat ematea da ideia. Lehenengoa Love of Lesbian bartzelonarrek eman zuten ekainean, eta bigarrena guk, urriaren 4an... Esperientzia xelebrea izan zen. Publikorik gabe zuzenean jo beharra pixka bat hotza iruditu zitzaigun, baina, aldi berean, jarraitzaileen mezuak jaso genituen uneoro. Lehen abestia eta azkena eurak aukeratu zituzten Facebooken egin zen bozketa baten bidez, dekoratuaren elementu batzuk ere bai... Antolatzaileek esan ziguten 3.000 lagun baino gehiagok jarraitu zutela zuzenean, eta You Tuben 20.000 lagunek jaitsi zuten gerora.     

Disko berria otsailean aterako duzue. Dezente atzeratu behar izan da, ezta?

I.E.: Diskoa uztailean bukatu genuen, baina oraindik bi kanta falta zaizkigu nahasteko. Gertatzen da kanpoko tipo batekin nahasten dugula, Cris Coal-ekin, eta gu baino kasik lanpetuago dabilenez, oso tarteka bakarrik egin ahal izaten duela geurea. Hilean behin edo gelditu ohi gara, Internet bidez, pare bat kanta nahasteko. Hemendik hamabost egunera tokatzen zaigu hurrengoa.
E.L: Oso abesti landuak eman dizkiogu; ahots asko, konponketa mordo bat, sanpler pila bat... dena oso-oso beteta. Hasieran uste zuen dena txanda batean bukatuko genuela, baina gero, bidali genion materiala ikusi zuenean, konturatu zen pixkanaka egin beharko genuela. Horregatik atzeratu da hainbeste diskoa.

Zein ildo jorratuko du diskoak, Ayrton Sennakoa edo aurreko lanetakoa?
E.L: EPa entsegu moduko bat izan zen, eta diskoarekin lortu dugu benetan egin nahi duguna: abestiak azken muturreraino eramatea. Diskoan entzuten dena zuzenean bere horretan jo nahi izanez gero, hamabi lagun beharko genituzke eszenatoki gainean. Hori ezinezkoa da guretzat, noski, baina ez diogu gure buruari mugarik jarri nahi izan: abestien aldeko apustua egin dugu, eta gero ikusiko dugu zuzenekoa nola moldatzen dugun.

Badirudi ordenadoreak geroz eta pisu handiagoa hartu duela sortzerako orduan.

E.L.: Disko berria ordenadorearekin egin dugu goitik behera. Bakoitzak bere gauzatxoak ekartzen ditu grabatuta, baten gitarra, bestearen ahotsa... eta gero denen artean ibiltzen gara ordenadorearekin jolasten. Produzitzen ari garela konposatzen dugu.
I.E.: Remixak eskaini zizkigutenean, bide horretatik esperimentatzeko aukera polit bat iruditu zitzaigun. Lan bakoitzarekin zerbait berria egiten saiatu gara, eta gero gure abestietara aplikatu dugu ikasitakoa.

Berritu nahia etengabea da zuen ibilbidean.

E.L.: Beti izan dugu musika eta doinu berriak bilatzeko grina. Nahasketak egiten hasi aurretik ere, oso gaztetatik, orduak eta orduak pasatakoak gara Interneten edo musika dendetan sartuta.  
I.E.: Dezente melomanoak gara, eta nahikoa azkar aspertzen gara ezagutzen dugunarekin. Beti nahi dugu beste zerbait, eta beti topatu daiteke beste zerbait.

Ordenadorearen nagusitasun horrek ez al du, ordea, zuen fusioaren oreka arriskuan jartzen? Ez al dira popa eta post-punka bazterrean geldituko elektronikoa eta doinu dantzagarrien mesedetan?

I.E.: Guk ez dugu inoiz oreka bilatu. Beti aurrera egiten saiatu izan gara, ea noraino iristen garen.
E.L.: Ordenadorearekin lan egiteak ez du esan nahi betidanik gustatu izan zaigun musika alde batera utziko dugunik. Ezta gitarra edo bateria hautsa hartzen dauzkagunik ere. Gertatzen dena da ordenadorea hartu eta kristorenak eta bi egiteko aukera dagoela ikusi dugula. Aurreneko diskoetan, aurreritziengatik, beti gitarraren edo bateriaren preso ginen, hauek eskaintzen dituzten aukeretara mugatzen ginen, eta orain aukera horiek biderkatzen saiatzen gara.

Zein sentsazio izaten dituzue etxean, Euskal Herrian, jotzea tokatzen zaizuenean?
 
I.E.: Hasieratik babes handia eman izan digu hemengo jendeak, gure bilakaera ere ikusi dute... gertutasun berezi bat nabaritzen da kontzertuetan. Hemen lagun asko ditugu, baita familiakoak... eta ilusioa egiten du etortzeak. Hala ere, beti aurrera eta atzera gabiltzanez, ez da askotan izaten. Azken aldian kontzertuetarako bakarrik azaldu gara.

Hemen topatzen ez zenuten zerbaiten bila aldatu al zineten Bartzelonara?

E.L.: Ez zen izan musika arloan beste zerbait lortzeko hartutako erabakia. Unai eta ni ikasketengatik joan ginen Bartzelonara duela zazpi urte. Igor joan zen gero, neska hangoa duelako, eta azkena, Guillermo joan da, honek ere neska hangoa duelako.

Nolako bizimodua egiten duzue han?  

E.L: Hiria asko gustatzen zaigu, eta kasik bertakoak sentitzen gara, baina oso bizitza arrunta egiten dugu: entsegura, liburutegira, kafetegira, futbol partida ikustera... Jendeak saldu nahi duen kontu hori guk ez dugu ikusten: gauetan ateratzeak eta kontzertuetara joateak kontaktuak egiteko balio duela, sekulako mugimendua dagoela... Ez. Gu geurera joaten gara.

Desparrame izeneko festa batzuk antolatzen dituzuela ere irakurri ahal izan dugu.

I.E:  Duela urte eta erdi edo hasi ginen. Hain zuzen ere entzun nahi genituen taldeak inork ekartzen ez zituelako. Bartzelonako klubetan dena da techno edo minimal, nazkatuta geunden beti berdina entzuteaz, eta kontzertuetatik geneuzkan harremanak erabilita, festak geuk antolatu genitzakeela bururatu zitzaigun. Batzuetan DJ bezala aritzen gara, beste batzuetan geuk jo eta gero beste DJ batzuek musika jarri, edo DJak eta talde gonbidaturen bat... Gero, gonbidapenak bueltan etortzen dira batzuetan, eta Madrilen, Moskun, Zaragozan edo Bilbon ere egin dugu Desparrame bana.

Dena ez da, beraz, lana eta kezka.  

E.L: Kar, kar!. Ez. Pitchforkekoa gertatu zenetik ez dugu egun bat bera ere deskantsatu, baina ondo pasatzeko ateratzen ditugu tarteak.

Eta hemendik aurrera zer? Noraino irits daiteke Delorean?

I.E.: EPa 2008ko ekainean grabatu genuen, eta jada ahaztuta eta baztertuta geneukanean etorri da hau dena. Horrek erakutsi digu egoera ez dugula guk kontrolatzen. Hala ere, asko ari gara disfrutatzen eta ikasten. Egiten ari garen lanarekin gustura gaude, eta ikusiko da zer gertatzen den.