DEKOT: "Zarata egiteak ematen digu bizia"

GAZTEA Maketa Lehiaketaren 25. edizioan garaile izan zineten duela bi urte, eta geroztik aldaketa itzelak jasan dituzue; orain, lehen diskoa kaleratzera zoazte; nola zaudete?
Ilusio handiarekin, eta indartsu, baina baita urduri ere. Talde bezala gure ametsa zen diskoa ateratzea, eta azkenik lortu dugu autoekoizpen bidez; sekulako borroka izan da, baina hemen gaude, lehen ilaran jartzeko prest!
Nolakoa izan da zuek ekoiztutako 'Demak' diskoa kaleratzeko prozesua?
Erronka askorekin egin dugu topo; musikalki lana eginda geunden, baina aurretik sekula ukitu gabeko saltsatan sartu gara; diskoaren diseinua, letra aldaketak, bideoklipa... musikari izateaz gain, diskoetxe baten lanak egin behar izan ditugu, eta ez da erraza izan.
Eta azkenik, iritsi da espero zenuten unea; taula gainera igotzea.
Hala da, azkenik! Kontzertuekin hasteko sekulako gogoak ditugu. Taldeari oxigeno apur bat emango diote datozen hilabeteetako emanaldiek; azken finean, musika talde bat isili gelditzen bada erdi hilda amaitzen du, eta guri zarata egiteak ematen digu bizia, gure musika zabaltzeko eta taula gainean egoteko borrokatzeko aukera ematen digu.
Horrenbeste denbora itzalpean igarota, nolako harrera espero duzue?
Duela urtebete amago txiki bat egin genuen, eta jasotako erantzun apurrak onak izan ziren. Orain, aurpegia emateko garaia iritsi zaigu, eta egia esan ez dakigu nondik hasi entzuleei azaltzen taldeak bizi izan dituen aldaketa guztiak; lehen lau ginen, orain hiru, lehen ingelesez kantatzen genuen, orain euskaraz, lehen mistoak ginen, orain hiru mutil...
Eta nola lortu du Dekotek aurrera egitea aldaketa guzti horiekin?
Ez dira batere errazak izan, eta harridura handiarekin bizi izan ditugu; psikologikoki zein animikoki eragin handia izan dute. Ingurura begiratu, eta ez dugu talde bakar bat ere ezagutu guk pasa duguna igaro duenik. Baina burugogorkeriak lortu du Dekotek aurrera egitea; abestietan enfokatu ginen, eta sekula ez diogu utzi entseatzeari. Aldaketak aldaketa, esentzia mantentzea lortu dugu, eta horregatik mantendu dugu ere taldearen izena, izaera hor dagoelako.
Zuk zeuk ere musikariaz gain abeslari rola ere hartu behar izan duzu.
Hala da bai. Nahikoa lan banuen gitarrarekin, baina hirukote bihurtzean, lanak ere banatu behar izan ditugu. Ardura handia da, batez ere lehen ahotsa neskarena zelako, eta lotsa handia sentitu nuen hasiera batean; baina orain mikrofonoa hartzeko gogotsu nabil, taulara igotzeko irrikaz.
Bizitako guztiaren ondoren, beraz, datorrenari heltzeko gogoz ibiliko zarete.
Bai; ez dugu aldaketak azaltzeko beharra sentitzen, musika egiten hastekoa baizik. Gure buruari askotan galdetu diogu; zer da musika talde bat, bere helburua ez bada musika egitea? Egonkortu eta aurrera jarraitzeko nahia eta grina ditugu, etapa berriari ekitekoa, iraganeko liskarrak atzean utziz.
Disko berriak guzti hori islatzen du?
Esango nuke baietz; egia da azken unean erabaki genuela ingelesetik euskarara igarotzea. Dena idatzita eta grabatuta zegoen, baina euskarara pasatzeko beharra sentitu dugu. Letrek adierazten dute hemen gaudela, modu metaforikoan baino nahiko zuzen; hamar abesti dira, hamar dema, eta aldarrikatu nahi dugu hau dela egiten duguna, eta iraun badugu, pasatuak pasatuta, horren erakusgai dela.