Deftones: metal esperimentala

Deftones: metal esperimentala https://www.gaztezulo.eus/albisteak/deftones-metal-esperimentala/@@download/image/6p8-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Alberto Bocos
Deftones: metal esperimentala
Martxoaren 2an Deftones talde kaliforniarraren zuzeneko bortitza ezagutzeko aukera izango dugu Donostiako Anoetako kiroldegian. Chino Moreno kantariak gidatutako taldeak hainbat estilorekin esperimentatzea atsegin du.  

Lehendabiziko irudipenari kasu egingo bagenio, Deftones zaku jakin batean sartuko genituzke beste talde batzuekin: Korn, Limp Bizkit, Slipknot, Papa Roach, One Minute Silence… Dena den, konparazio horiek guztiak errespetatu arren, Deftones-ekoek rap-metal, new-metal edota txandal-metal joera horretatik aparte kokatzen dute beren burua.
1989an Kaliforniako Sacramento hirian sortutako talde honek bilakaera nabarmena izan du diskoak argitaratzen joan ahala. Hainbat estilotako ezugarriak topa ditzakegu beren kantuetan, Faith No More taldea gogora dakarkiguten riff metalero eta funkyak, pop sentsibilitate tanto bat, geldiune xamur eta tentsoak, hardcore kutsuko abesti-hasierak eta balada sentikorrak, esaterako.
Kantuetako hitzei dagokienez, jarraikortasun gutxiko hitz kamutsak abesten dituzte. Deftonesekoek behin baino gehiagotan azpirramatu izan dutenez, garrantzitsuena norberak abestien irakurketa propioa egitea da. Beste talde askorenak ez bezala, hitzok ez daude haurtzaro zailetan, gorrotoan, mendekuan edota oinazean oinarrituta, baina indarra, amorrazioa eta gogortasuna darie.
Hamaika eragin....
Baina nor da nor talde honetan? Hona hemen, banan bana, taldekideen berri.
Abeslaria Chino Moreno da, bere ahots indartsu eta limurtzailearekin entzuleekin jolastea atsegin duena. Morenoren kantaririk gustukoena The Cure taldeko Robert Smith da. Gehien atsegin dituen taldeen artean, berriz, The Cure, The Smiths eta PJ Harvey daude. Azpimarratu beharreko beste datu bat: Chino Morenok Tower Records disketxearen biltegian lan egin zuen bere garaian.
Deftonesko gitarrajolea Stephen Carpenter da, eta Metallica, Anthrax, Faith No More, Slayer, Depeche Mode eta Duran Duran bezalako taldeak atsegin ditu. Bere garaian lorezain izandako Chi Cheng baxua, berriz, Iron Maiden taldearen jarraitzaile sutsua da. Azkenik Abe Cunningham bateriajolea aipatu behar dugu, betidanik Steward Coperland The Police taldeko bateriajole ohiaren pausoak jarraitu izan dituena.
Aipatu laukote honekin batera, Frank Delgado DJa aritzen da beti. Delgadok The Socialistics izeneko hip hop talde propioa du, eta zuzenekoetan ezezik, Deftones taldearen disko guztietan ere  aritu izan da.
...eta hamaika bertsio
Taldekideen eragin arras ezberdinok han eta hemen argitaratu izan dituzten bertsioetan islatzen dira. Besteak beste, S.O.D, Duran Duran, Sade, The Smiths, Jawbox, Depeche Mode eta Ice Cube taldeak bertsionatu dituzte. Hori gutxi balitz bezala, zuzenean ere hamaika bertsio egiteko ohitura dute. Zein talderenak? Zerrenda luzea bezain aberatsa da: Weezer, Slayer, Bad Brains, Eminem, Sepultura, Suicidal Tendencies, REO Speedwagon, The Commodores, Ted Nuget, Lynard Skynard, PJ Harvey, Iron Maiden, Metallica edota Steve Stiller Band… Nahasketa harrigarria, ezta?
Musika estilo ezberdinekin jolasteko duten berezko joera horren erakusgarri, talde askoren diskoetan edukitako parte hartzea azpimarratu behar da: Korn, Soulfly, Cypress Hill, Far, Strife…
Ikus dezakezuenez, mutil gogor baina era berean xamur hauek ez dira geldirik egotekoak. Ez dute zalaparta askorik egiten, baina gelditu gabe dabiltza. Ez dira ahoberoak, eta gainera ez dira "izarrak" bezala portatzen. Ez galdu Donostian emango duten kontzertua.