Debako Animadeba Animazio Jaialdia bihar hasiko da
Animadeba Animazio Jaialdiaren 17.edizioa bihartik larunbatera izango da martxan eta film laburren lehiaketa, film luzeak, industria jarduerak eta bestelakoak antolatu dituzte.
Jaialdiak 83 herrialdetako 1.200 film labur jaso ditu, eta horietatik 22 aukeratu dituzte lehiatzeko. Hamar film laburrek hartuko dute parte Sail Ofizialean, tartean Euskal Herriko Uniko ekoiztetxearen To bird or not to bird lana. EHUko Zuzendari Berriak atalean beste hamar film labur izango dira.
Proiekzioei dagokienez, Sail Ofizialeko lanak ostiralean eta larunbatean emango dituzte, Debako Kutxa Zurian, 19:00etatik aurrera. EHUko Zuzendari Berriak atalekoak ostegunean proiektatuko dituzte, toki eta ordu berean. Donostiako San Telmo Museoan ere egingo dute proiekzioa gaur, 18:00etan hasita.
Aurten, lehen aldiz, Kutxa Zurian EITB Gaua gala izango da. Hitzordua ostiralean izango da, 22:00etan. Ekitaldi honek Euskal Herriko animazio zinema ikusarazi eta saritu nahi du. Isabel Herguera zinemagile donostiarra izango da EITB Saria saria jasotzen lehena. El Sueño de la Sultana film luzea eta La Mujer Ilustrada film laburra emango dituzte.
Animadeba laborategia ere martxan izango da animazio sektorean lanean dabiltzanentzat edo zinemagintzan interesa dutenentzat espazio bat sortzeko asmoz.
Musika ere ez da faltako. Bihar, asteazkena, Esanezinek kontzertua emango du, 20:00etan, eta larunbatean, berriz, Anarik joko du, amaiera galan. Larunbatean bertan, 20:00etan, bingoa egingo dute, Albina Stardust eta Divina Comediarekin.
Programazio osoa hemen kontsulta daiteke.
Filmak etxean ikusteko aukera
Jaialdia amaitu eta gero, bi astez, Filmin plataformako harpidedunek etxean ikusi ahal izango dituzte jaialdiko Sail Ofizialean, EHUko Zuzendari Berriak eta Panorama ataletan parte hartutako film laburrak.