David Foster Wallace

David Foster Wallace https://www.gaztezulo.eus/albisteak/david-foster-wallace/@@download/image/idazlea3_1457355392.jpg
2016/03/14
erreportajea
Testua: Peru Iparragirre @nomadagaldua
David Foster Wallace


Bizirik zegoela, bi nobela argitaratu zituen eta hirugarrena idazten ari zen bere buruaz beste egin zuenean (2011n argitaratu zuten, amaitu gabeko forman). Hainbat narrazio labur ere idatzi zituen, horietako batzuk hiru bildumatan eman zituen argitara. Ez-fikziozko hainbat lan ondu zituen: aldizkariek enkargatutako kronikak eta hainbat saiakera.

1985ean amaitu zituen Filosofia eta Ingeles ikasketak eta 1987an argitaratu zuen lehen nobela, The Broom of the System. Idazketa sortzaile eta Ingeles irakasle lanetan aritu zen, besteak beste. DFWen prosak ezaugarri estilistiko nabarmenak ditu. Hala nola, akronimoen erabilera ugaria, narrazioaren linealtasuna apurtzeko oin-ohar eta amaierako ohar ezohikoetarako joera, ironia, hizkuntzaren zuzentasun obsesiboa eta abar. Gizartearen analisi zorrotz eta zuzenak azaltzeko gaitasunak, orotariko erreferentzia kulturalen aberastasunak eta gizatiar izatea zer den erakusten duten istorioak dira, beste gauza batzuen artean DFWen obraren adierazgarriak.

IRAKURRI BEHARREKOA
Danele Sarriugartek itzuli duen Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat (2016, Pasazaite) liburua irakur dezakegu euskaraz. Harper’s aldizkariaren enkarguz idatzitako zazpi gaueko bidaldi karibear baten kronika literarioa da. Era berean, elearazi.eus atariko autoreak plazara atalean argitaratu zuten DFWen lehen itzulpena: 2005ean Kenyon Collegeko graduazio ekitaldian emandako Hau ura da hitzaldia (paperean ere irakur daiteke: Paperezko Elearazi, autoreak plazara (2015).