David del Rio: "Adimen artifiziala garatzeko oinarria 5G teknologia izango da"

David del Rio: "Adimen artifiziala garatzeko oinarria 5G teknologia izango da" Azkenaldian komunikabide eta sareetan etengabe ikusi ditugu 5G-aren inguruko albiste eta zurrumurruak; baina, zer da zehazki 5G teknologia? Zergatik da garrantzitsua? Erabiltzaileongan zer nolako eragina izango du? Galdera horien erantzuna aurkitzeko bildu gara David del Rio Orduña ingeniaritza irakasle eta CEITeko ikerlariarekin. Etorkizunak beldur eta miresmen nahasketa eragiten du... https://www.gaztezulo.eus/albisteak/david-del-rio-adimen-artifiziala-garatzeko-oinarria-5g-teknologia-izango-da/@@download/image/unnamed.png
2019/08/10
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Azkenaldian komunikabide eta sareetan etengabe ikusi ditugu 5G-aren inguruko albiste eta zurrumurruak; baina, zer da zehazki 5G teknologia? Zergatik da garrantzitsua? Erabiltzaileongan zer nolako eragina izango du? Galdera horien erantzuna aurkitzeko bildu gara David del Rio Orduña ingeniaritza irakasle eta CEITeko ikerlariarekin. Etorkizunak beldur eta miresmen nahasketa eragiten du...
David del Rio: "Adimen artifiziala garatzeko oinarria 5G teknologia izango da"

5G teknolgiaren ikerketetan murgilduta zabiltza; nolakoa da egiten duzun lana?

CEIT ikerkuntza zentroko ikerlari eta Tecnun Unibertsitateko irakasle bezala, komunikazioetarako mikrotxipak eta zirkuituak diseinatzean datza nire eguneroko lana. Hala, CEITen nazioarteko hainbat proiekturekin elkarlanean gabiltza; proiektu horien artean 5G teknologian eta etorkizunean etorriko direnetan erabiliko diren zirkuituak diseinatzen ditugu.

Azkenaldian 5G teknologia denon ahotan dabil, baina... zer da 5G-a?

5G-az ari garenean telefono mugikorren bosgarren belaunaldiaz mintzo gara. Lehen belaunaldia 80ko hamarkadan izan zen, eta garai hartan diseinatu zituzten lehen telefono mugikorrak, handiak eta astunegiak; 90eko hamarkadan bigarren belaunaldia jaio zen, denok ezagutu ditugun Nokia edota Alcatel mitiko horiena. Bigarren belaunaldi horrek sekulako iraultza ekarri zuen, lehenik prezioen aldetik (lehen aldiz mugikorrak poltsiko guztientzat jarri zituzten salgai) eta bigarrenik teknologia aldetik (ordukoak dira lehen SMS-ak eta garai horretan hasi ziren ahotsa digitalizatzen). 

3G-a edo telefono mugikorren hirugarren belaunaldia mende berrian sartzearekin batera iritsi zen, 2000. urte inguruan; orduko iraultza nabarmena Interneten iritsiera izan zen. Orduko telefonoetan datu sareak sartzen hasi ziren, bideoak, txat-ak eta app-ak txertatuz. Ondoren, 2010-2015 urte bitartean, 4G-a iritsi zen, egungo mugikor belaunaldia, hain zuzen. 5G-a beraz, datozen urtetan jaiotzera doan mugikor belaunaldi berria izango da.

Eta zergatik eragin du horrenbeste oihartzun 5G-ak? 

Iragarkiek eta albisteek 5G-aren jaiotza iragarri duten arren, egiaz oraindik 4G-aren belaunaldian gaude. Mugikorren laugarren belaunaldia oraindik ez da mundu guztian zabaldu; nekazal guneetan, txiroetan eta isolatuetan, oraindik ez dituzte azken belaunaldiko lurreko antena guztiak instalatu. Bitartean, 5G-a iragartzen hasi dira, baina iragarkiek diotenaren aurka, mugikorrentzat ez da horrenbesteko iraultza izango. 

"Irudikatu une batez elkarren artean talka egitera doazen bi auto; latentziarI esker, bi autoek elkarrekin "hitz egin" ahalko dute, gertatzera doan istripuaz abisua pasa eta erreakzionatzeko astia izanez".

Zeintzuk izango da beraz 5G-ak ekarriko dituen hobekuntzak?

Hiru dira 5G-ak 4G-arekiko ekarriko dituen hobekuntzak; lehena ez da esan digutena bezain garrantzitsua izango, baina beste biek iraultza nabarmena eragingo dute; adimen artifiziala garatzeko oinarria 5G teknologia izango da. Hauek dira hiru berrikuntza horiek: 

- ABIADURA: Segunduko zenbat mega dekargatu edo bidali ditzakegun, sistemaren abiaduraren araberakoa da. Hala, 5G-a 4G-a baino 10 aldiz azkarragoa izango da. Teorian, 4G-arekin seguduko 400 mbps deskargatu ditzakezu; bada 5G-ari esker, segunduko 4 edo 5 gbps deskargatu ahalko dira. Hobekuntza honek erakargarria irudi dezake, baina mugikorretan ez du zentzu handirik, datuak segituan agortuko liratekeelako. 

- LATENTZIA: Hau bai dela iraultza garrantzitsua. Latentzia deitzen diogu mugikorrari agindu bat ematen diogun unetik egiten duen arteko denbora tarteari; adibidez, mezu bat idatzi dugunetik mugikorrak hartzaileari bidali arteko tarte horri. Esaten dutenez, 5G-ak sekulako hobekuntzak ahalbidetuko ditu latentzian. Egun, 4G-ak ez du 20 mili segunduko latentzia gainditzen (mili segundo bat = segundo baten milarena). Hain zuzen, gure begiek 13 mili segundo behar dituzte irudi bat antzemateko; beraz, oraindik latentzia hori gure begien abiadura baino mantsoagoa da. 5G-arekin, dirudienez, 1 edo 2 mili segundoko latentzia lortuko dute; horrek esan nahi du informazioak sarean batetik bestera hainbat salto egin ahalko dituela gure begiek ezer sumatu gabe.

Irudikatu une batez elkarren artean talka egitera doazen bi auto; latentzia horri esker, bi autoek elkarrekin "hitz egin" ahalko dute, gertatzera doan istripuaz abisua pasa eta erreakzionatzeko astia izanez. Edo irudikatu hemengo ospitale batean dagoen zirujau bat joystick bidez Australian dagoen paziente bat operatzen; latentziari esker, egiten duen mugimendu bakoitza une-unean gertatuko da munduaren beste puntan. Doitasun bera izango dute esate baterako salbamendu droneek. 

- GUNE BATEAN ALDI BEREAN KONEKTATUTAKO GAILU KOPURUA: Hau da 5Garen hirugarren hobekuntza nabarmena. Esaten dutenez, egun 4G-arekin gune batean aldi berean konektatu daitezkeen gailu kopurua 100 aldiz biderkatuko da 5G-ari esker, saturaziorik eragin gabe. Hala, dena egon ahalko da konektatuta, ez bakarrik gure mugikor edota ordenagailuak; landareak, altzariak, animaliak, etxeko gailuak... 


Urrutiko ebakuntzak, 5G teknologia erabilita.

Dagoeneko 5G-a duten mugikor konpainien iragarkiek zer saltzen digute zehazki? 

Kontuz ibili behar da propaganda horrekin, ez baita guztiz egia saltzen dutena. Lehenik eta behin, kontutan hartu behar dugu 5G-a jaiotzeko prozesua hasi duen teknologia dela, oraindik garatzeko hastapenetan dagoena. Horrek esan nahi du nahiz eta 5G-a duen mugikor bat erosten badugu ez dugula teknologia horretara konektatzeko azpiegiturarik topatuko ia inon, oraindik ez direlako beharrezko sare ekipoak instalatu. Eta ekipo horiek ez dira masiboki instalatuko merkatuak eskaera erraldoia egin arte. Gainera, 5G-dun mugikorretan orain erabiltzen ditugun aplikazioek ere ez dute balioko, oraindik ez dituztelako belaunaldi berrira moldatu. Egun, ez dago 5G-a erabili ahal izateko nahikoa hardware. 

Eta zer gertatzen da Huawei eta Trumpen gobernuarekin?

Hori da 5G tekonologiak garatu eta zabaltzeko duen beste arazo garrantzitsu bat. Egun, 5G teknologian munduko lider bakarra Huawei da. Enpresa txinatarra prest dago masiboki teknologia hori salgai jartzeko, baina AEBak eta Europa ez dira fidatzen. Segurtasun berme zorrotzak eskatzen dizkiote Txinari, salgai jarri nahi dituzten txipetan egon daitezkeen elementu "arriskutsuez" beldur direlako. Gainera, Trumpen gobernua eta Europako Batasuna ez daude iraultza teknologiko honetan Txinaren menpe egoteko prest. Negoziatzen jarraitzen duten bitartean, 5G-aren zabalkundea mugatzen saiatuko dira, bain AEBek eta baita Europak ere teknologia hori bere kabuz garatu arte (Ericsson eta Intel enpresak horretan dabiltza). Dena den, txinatarrekin alderatuta oso atzean daude; guzti hau kontuan hartuta, 2020. urtera arte gutxienez ez dugu kalean 5G-a ezagutuko.

"Trumpen gobernua eta Europako Batasuna ez daude iraultza teknologiko honetan Txinaren menpe egoteko prest".

Horrenbeste konexiorekin, 5Gak gure osasuna arriskuan jarri dezake?

Ez, hori teknologia berriak garatzen diren bakoitzean zabaltzen den gezur bera besterik ez da. Berdin du zenbat gailu konektatzen diren leku berean; garrantzia duena frekuentzia-modulazioa da, eta egun TDT-an eta Wifian erabiltzen den bera izango da; hortaz, ez du gure osasunean inolako eraginik izango. 

Zer espero dezakegu mugikorren etorkizuneko belaunaldietan? 6G-a nolakoa izango den badakizu? 

5G-a oraindik nahiko misteriotsua da, eta beraz, oraindik ez dakigu 6G-aren nondik norakoak zeintzuk izango diren. Mugikorren etorkizuna, aldiz, nabarmen aldatu daitekeela uste dut. Ziur aski, etorkizuneko telefonia ez da mugikorren bidez erabiliko; aldiz, gure erloju, arropa, betaurreko edota kaskoetan txertatuko dugu teknologia hori. Gainera, 3D teknologia garatuko da datozen urteetan, eta batez ere, adimen artifiziala garatzeko oinarriak finkatuko dira. Hori bai izango dela iraultza teknologikoa; egun hasi dira makinak diseinatzeko gai diren makinak garatzen, ingeniarien bitartekotzarik gabe. Beren ezagutza arloa oso mugatua eta zehatza den arren, akatsetatik ikasteko gai dira dagoeneko.  Dudarik gabe, lan mundua aldatuko du iraultza horrek. 


5G teknologiarekin konektaturako ibilgailu autonomoak.

Etorkizun hurbila nabarmen aldatuko da?

Ikusi daitekeenez, 5G-a oraindik iristeke dago, eta ez du mugikorren belaunaldian sekulako iraultza eragingo; bai ordea adin artifizialaren garapenean. Bosgarren belaunaldiari esker, 4.0 industria, auto autonomoak eta robotika izugarri garatuko dira, guzti horren 5G sarea beharko duelako.

 

5G TEKNOLOGIAZ GEHIAGO JAKIN NAHI?