"Dardara": Berri Txarrak taldearen filmak martxoaren 19an ikusiko du argia

"Dardara": Berri Txarrak taldearen filmak martxoaren 19an ikusiko du argia "Dardara" izenpean martxoaren 19an ikusi ahalko da Lekunberriko taldeak munduko hainbat tokitan grabatutako dokumentala. Bertan, munduko mutur ezberdinetan bizi diren zaleen istorioak ere azalduko dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dardara-berri-txarrak-taldearen-biran-grabatutako-filmak-martxoaren-19an-ikusiko-du-argia/@@download/image/WhatsApp Image 2021-02-05 at 12.36.03.jpeg
2021/02/09

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

"Dardara" izenpean martxoaren 19an ikusi ahalko da Lekunberriko taldeak munduko hainbat tokitan grabatutako dokumentala. Bertan, munduko mutur ezberdinetan bizi diren zaleen istorioak ere azalduko dira.
"Dardara": Berri Txarrak taldearen filmak martxoaren 19an ikusiko du argia

Marina Lameiro zinemagile iruñarra izan da Berri Txarrak taldearen bigarren filmea osatzeaz arduratu dena eta martxoaren 19an iritsiko da zinema-aretoetara. Aurretik ordea, martxoaren 15ean Ikuspuntu: Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdia zabalduko du dokumentalak.

Guztiok gogoan dugu, Berri Txarrak taldeak, 25 urteko ibilbidearen ostean 2019an nola iragarri zuen etenaldi mugagabea. Horrekin batera, urte oso bat iraungo zuen Ikusi Arte bira ere iragarri zuten. Bira honekin mundu osoko agertokietan aritu zen hirukoa. Lameirok beraiekin bidaiatu zuen eta bertan jasotakoaren emaitza da Dardara filma. 

Munduko hainbat tokitan bizi diren zaleen istorioetatik abiatuta, zinemagileak erretratu koral bat egin du. Zale guzti horiek hari komun batek lotzen ditu: Berri Txarrak taldearen musikak. Filmean Lekunberriko taldeak utzitako arrastoa ikusiko dugu, nola lortu duten estilo bat: rocka, hizkuntza bat: euskara, eta belaunaldi bat: bere kideena gaindituz, fenomeno unibertsal bihurtzea.

25 urtean taldeko konposatzaile, gitarra jotzaile eta ahotsa izan ondoren, etorkizun ezezagun bati aurre egin behar dion Gorka Urbizuren letren eta gogoeten bidez egiten du aurrera dokumentalak. Pasioari buruzko filma da, bai Gorkak sortzaile gisa, bai Berri Txarrakeko zaleek taldearekiko erakusten duten pasioari buruzkoa.

Lameirorenak dira gidoia, zuzendaritza eta argazkia. Ekoizpenaren diseinua Itziar Garcia Zubirik sinatzen du. Muntaia, Diana Toucedok. Ekoizpen exekutiboa Pablo Iraburu eta Igor Otxoaren ardurapekoa izan da. Nuria Perez Martinezek koordinatu du Miguel Garcia Irabururen posprodukzioa. Alvaro Garcia Echeverria arduratu da diseinu grafikoaz. Iosu Gonzalezek soinua editatu eta nahastu du. Amaitzeko, Mikel Santosek taldearen zuzenekoen soinuen nahasketak egin ditu.

Hemen dokumentalaren trailera ikusgai: