Daniel Radcliffe: Azti txikia, gazte lerdena

Daniel Radcliffe: Azti txikia, gazte lerdena https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Daniel Radcliffe: Azti txikia,  gazte lerdena
Daniel Radcliffe aktoreak milioika ikusle liluratu ditu Harry Potter sagari esker. Harry hazi egin da, baina: nerabe haren aztarnarik ez da geratzen radcliffen begiradan.
Txikitatik zinema izar bilakatu diren guztiekin gertatu zaigu: Macaulay Culkin, Drew Barrymore, Sean Astin… Haurrak zirela ezagutu, bolada luze batez miretsi eta, azkenean, betikotu egin genituen. Haur haiek beti haur izango zirelakoan. Gero etorri dira desengainuak, haurra hazi, bere gainbeheraren berri izan, eta porrotaren erdian ito beharrean zirela jakin dugunean.
Drew Barrymore, ET extralurtarraren laguntxo hura, esandakoaren adibide egokia da. Oparotasunean bizitzen ohitu, helduentzako ere jasangaitz suerta daitekeen gehiegikeria itsaso batean murgildu, eta putzu ilunean ito zitzaigun, gero, poliki-poliki, berriro aireratu arte.
Zorionez, ez da Daniel Radclifferen kasua. Londresko aktoreak ez du gainbeherarik ezagutu, eta Hollywoodeko olatuan jarraitzen du; gailurrean, sendo. Hala ere, dagoeneko ez da gaztetxo maitagarri hura: ume hura nerabe egin zen, eta orain, bestelako ezaugarriak ditu milioika lagunentzat erakargarri: begi urdin ederrak, begirada sakona, gorputz lerdena…
Uztailaren 23an 20 urte beteko ditu Radcliffek. Orain gazte gihartsua dugu, eta Harry txikiaren aztarnarik ez dago haren begiradan. David Copperfield, The Tailor of Panama eta batez ere Harry Poter sagarekin ikuslegoaren konplizitatea lortu bazuen, gaur egun nerabeen hasperenak eragiten ditu. Amodio platonikoaren zaporea duten hasperen luzeak, zehatz esateko. Horren erakusgarri da Forbes aldizkariak berriki argitaratutako zerrenda.
New Yorkeko berripaperaren arabera, Daniel Radcliffe Hollywoodeko izar gazte argitsuena da. 10etik 6,03 puntu jaso ditu, Miley Cirus (Hanna Montana) aktore-abeslaria eta Dakota Fanning aktorea atzean utziz. Horrez gain, Erresuma Batuko bigarren gazte aberatsena omen da, William printzearen ondoren. Aipatutako hori datu bitxia da, Radcliffek askotan esan baitu ez dituela atsegin koroa eta monarkia: nahiago dituela Sex Pistols eta Good save the queen hura... berak esana da, aizue!
Kontuak kontu, Daniel galaiak lan eta lan jarraitzen du, eta laster izango dugu bere berri. Uztailaren 19an izango da, Harry Potter sagaren seigarren filmaren estreinaldi egunean: Harry Potter and the Half-Blood Prince. Ondoren, zortzigarren eta bederatzigarren zatiak etorriko dira, 2010 eta 2011n. Azti txikia eta gazte lerdena, nola uztartuko dituzte biak? Horra hor misterioa. Magia erabili beharko...