Danele Sarriugarte: Erraietan barrena

Danele Sarriugarte: Erraietan barrena https://www.gaztezulo.eus/albisteak/danele-sarriugarte-erraietan-barrena/@@download/image/danele_sarriuga_1398779759.jpg
2014/05/05
erreportajea
Testua: Peru Iparragirre
Danele Sarriugarte (Elgoibar, 1989) Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatetik, eta Alemanian eta AEBetan ere ikasi du.

Egun Bartzelonan bizi da, eta itzulpengintzaren inguruko elearazi.org webgunea kudeatzen du Garazi Arrularekin batera. 2012. urteko Igartza sorkuntza-beka irabazi zuen Mamuak nobela proiektuarekin, eta sari horren bidetik Erraiak nobela argitaratu berri du Elkar argitaletxearekin. Lehenago, Esku hori! (Txalaparta, 2012) bilduman ipuin bat kaleratu zuen eta Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak (Edo!, 2013) libururako Judith Butler filosofo estatubatuarraren artikulu bat itzuli zuen ingelesetik, beste hainbat lanen artean.

"Monologue intérieur, barne bakarrizketa modua abiarazten duen botoia sakatzen dut, lokietan gotortutako bozei mihia askatzen diena, eta lehen kontsonanteak urratzen du onomatopeien gehiengo osoa".

Nobelaren lehen kapituluaren amaierako hitzak dira, kontakizunari hasiera ematen diotenak kasik. Fikziozko protagonistak hizkuntza landua erabiliz, eta era gordinean, idaztera bultzatzen duen bikote-harremanaren haustura eta haustura gertatu arteko bilakaera erretratatzen ditu. Kontaketa horretan iraganean edukitako harremanen disekzio autoironikoa ere tartekatzen du. Intentsitate handiko kontakizuna da, protagonistaren inguruaren azterketa eta kritika zorrotza plazaratu eta hainbat arazo mahai gainean jartzen dituena.

Erreferentzia artistikoz eta joko estetikoz jositako bakarrizketak narratzailearen erraietan sakontzera eramango du irakurlea, ziurtasunez ebakitako hitz bakoitzarekin gehiago barneratzen delarik.

Bibliografia


•    Esku hori! (Askoren artean, 2012, Txalaparta).
•    Erraiak (2014, Elkar).