Damba: "Azken 15 urteetan gizartean izan diren aldaketek ez diote euskal musikari mesederik egin"

Damba: "Azken 15 urteetan gizartean izan diren aldaketek ez diote euskal musikari mesederik egin" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/damba-azken-15-urteetan-gizartean-izan-diren-aldaketek-ez-diote-euskal-musikari-mesederik-egin/@@download/image/damba2_1414084270.jpg
2014/10/24
elkarrizketa
Leire Palacios (@AnnieSdelMono) eta Saioa Baleztena (@SaioB)
2009an Kristian Amorena bateria joleak inguruan zituen hainbat musikari elkartu zituen Damba taldea osatzeko. Musiketxeak ekimenean irabazle izateak ekarri dizkien onuren, eta bost urteko ibilbidearen ondoren murgilduta dauden erronka berriaren inguruan hitz egin digute.

 
Zein da zuen soinuaren berezitasuna?
Bi abeslarien artean dagoen konexio bereziak eta indarrak eta musikarien arteko lotura bereziak bereizgarritzen gaitu. Anitz zaintzen dugu musika tresnen arteko oreka, mezu garbi eta zuzena bilatuta beti. Hitz gutxitan gure soinua indartsua, zuzena eta dantzagarria dela erran daiteke.

Apostu interesgarria izan zen ‘Hautsi’ kantaren bideoklipa. Nola suertatu zen?
Abestiaren letraren harira sortu genuen istorioa. Beste era batera eta pozik bizitu gaitezkela erakutsi nahi izan dugu bideokliparen bitartez.

Non grabatu zenuten eta zergatik han?
Berako Kaxerna gaztetxean grabatu genuen, xarma zuen toki bat bilatzen ari ginelako. Estitxu Beratarra denez aitzakia bagenuen han zerbait egiteko!

Zaila al da gaur egun musikaren munduan aurrera egitea?

Geroz eta zailagoa da musikarekin aurrera egitea. Lan asko eta asko mugitu behar da aukeraren bat lortzeko. Azken 15 urteetan gizartean izan diren aldaketak ez diote euskal musikari mesederik egin. Euskal Herrian, kulturgintzan mugitzen den diruaren erabilera berriro aztertu beharko litzatekeela uste dugu.

Zer zailtasun topatu dituzue zuen ibildearekin aurrera jarraitu ahal izateko?

Arazo nagusiena diru falta da. Kontutan hartu behar da, beti, musikariak diru minimo bat lortzen ez badu ezinezkoa dela talde batek dituen gastuak aurrera atera ahal izatea. Pena bat da, ekonomikoki baliabiderik ez egoteagatik geroz eta artista gehiagok bertan behera uzten baitute euren ibilbidea.

Lehiaketei esker talde anitzek bultzada dute gaur. Zer suposatu du zuentzat Musiketxeak proiektuan sarituak izatea?

Euskal Herrian gure musika aurkezteko aukera itzela izan da. Jende berria ezagutu dugu eta areto berriak ezagutu ahal izan ditugu honi esker.

Non joko dituzue hurrengo kontzertuak?
Momentuz larunbat honetan Lleidan izango gara eta oraingoz ez dugu beste kontzerturik itxi.

Eta eskatzen hasita, non eta norekin jotzea gustatuko litzaizueke?
Edonorekin eta txoko guzitan!

Etorkizunerako zein dira zuen erronka nagusiak?
Iaz Womex azokan izan ginenean kubako artisten disketxe potenteena den Egrem ezagutu genuen eta gure musika gustatu zitzaion. Disko batzuk eman genizkion eta horiekin Kubara joan zen. Apirilean, eskutitz bat igorri ziguten, Kubako Cubadisco 2015ean jotzeko gonbitarekin. Hortaz, maiatzaren 17tik aurrera bira berezi bat egingo dugu Kuban eta Hego Amerikan barrena. Hasiera batean 4 kontzertu egingo ditugu Kuban, eta orain Mexikon eta Venezuelan ditugun kontaktuekin beste batzuk isten saiatzen ari gara.

Amaitzeko, disko berria kaleratzeko asmoa ere ba omen duzue. Berezia izango da, ezta?
Kubako artista ospetsuenekin grabatuko dugu disko berria eta horretarako, jendearen laguntza behar dugu. Hilabete amaieran crowdfundin kanpaina abiatuko dugu proiektua aurrera atera ahal izateko.

Musiketxeak


Jimmy Jazz Gasteiz, Bermeoko Kafe Antzokia, Biarritzeko Atabal eta Bilboko Emankor Elkartea kultura eragileek 2011n sortu zuten sarea da Musiketxeak eta hiru helburu nagusi ditu: zuzeneko musikako aretoetan proiektu soziokulturalak sustatu eta garatzea, Euskal Herriko musikari berrien harrobi sendo bat eratzea eta artista horien egitasmoak zabaldu eta ikusgai egitea.