Crystal Fightersek Zugarramurdiko kobetan estreinatuko du lan berria

Crystal Fightersek Zugarramurdiko kobetan estreinatuko du lan berria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/crystal-fightersek-zugarramurdiko-kobetan-estreinatuko-du-lan-berria/@@download/image/crystal_fighter_1375168896.jpg
2013/07/30
berria
2007an sortutako indie banda arrakastatsuak bigarren albuma kaleratuko du abuztuan, ‘Cave Rave’, eta berau aurkezteko kontzertu erraldoia emango du Zugarramurdiko kobetan. Haiekin ariko dira Belako bizkaitarrak eta Wilhem And The Dancing Animals nafarrak, eta sarrera mugatuak izango dira.


Crystal Fighters banda ingelesak lotura berezia du Euskal Herriarekin. Izan ere, kideetako baten, Laureren, aitona Euskal Herrian bizi zen, eta berau hil ostean etxea txukuntzen ari zela topatu zituen ilobak beste lau lagunekin osatuko zuen taldeari izena emango zion eskuizkribua. Taldearen estilo aniztasunak bereizgarri egiten du haien musika, eta tartean txalaparta eta txistua bezalako instrumentuak erabiltzen dituzte.

2010ean kaleratutako Star Of Love lehen albumarekin nazioarteko zerrenden gorenera heltzea lortu zuten, eta geroztik mundu osoko aretoetan jo dute. Hilabeteotan, hain zuzen, Amsterdam, Londres, Varsovia eta Berlin bezalako hirietan aritu dira, eta abuztuaren 29an gurean egingo dute geldialdia.

Koba eszenatoki
Taldeak Zugarramurdiko kobak (Nafarroa) hautatu ditu Cave Rave izeneko bigarren lana estreinatzeko, eta 300 pertsonarentzako kontzertu esklusiboa emango du azaroaren 29an. Sarrerak erosteko, haien webgunean sartu eta taldearen mailing zerrendan izena eman behar duzu lehenik, eta ondoren erreserba egiteko aukera izango duzu.

Gonbidatuak Zugarramurdiko elizara eramango dituzte autobusetan, eta bertan akelarre eta sorginei buruzko azalpenak emango dizkiete plazan; euskal musika izango da entzungai bitartean. Segidan, sarrera duten gonbidatuek kobara sartu eta kontzertuaz gozatu ahal izango dute, baita Belako bizkaitarren eta Wilhem And The Dancing Animals nafarren doinuez ere. Emanaldia streaming-ean igorriko dute, gainera.

Jaialdiari amaiera emateko inguruko musika klub batera joango dira taldekideak eta gonbidatuak, eta gaueko ordu txikiak arte luzatuko dute festa.

Kutxabank-ek sarrerak zozkatuko ditu!


Kutxabankek, ekitaldiaren babesle den aldetik, hainbat sarrera zozkatuko ditu bezeroen artean Newsletter eta sare sozialen bidez, beraz, adi egon!