Crossover: telesailen jaialdia martxan!

Crossover: telesailen jaialdia martxan! Bigarren edizioa ospatuko dute Donostian, maiatzaren 7a eta 11 bitartean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/crossover-telesailen-jaialdia-martxan/@@download/image/CROSSOVER.jpg
2019/05/03
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Bigarren edizioa ospatuko dute Donostian, maiatzaren 7a eta 11 bitartean.
Crossover: telesailen jaialdia martxan!

Aurreko urteko lehen edizioaren arrakasta ikusita, Crossover: telesailen kultura jaialdiaren bigarren edizioa egingo dute Donostian, hilaren 7tik 11 bitarte. Hala, beste behin telesailen goraldia ikuspegi ezberdinetatik aztertuko dute jaialdian: eztabaida eta elkarrizketa oinarritzat hartuta, gaia modu kritikoan jorratu nahi duten proposamenak alde batetik, eta bestetik, telesailei buruzko ezagutza sakondu eta dibertitzea xede dutenak.

Aurten, jaialdiak Koldo Mitxelena eta Tabakaleraren artean banatuko du bere programa eta Leticia Dolerarekin irekiko du aurtengo edizioa. Dolerak Déjate llevar telesaila aurkeztuko du, Canneseko Telesaileen Nazioarteko Jaialdian telesail onenaren saria irabazi berri duen lana. Aktore ezaguna telesailaren gidoilaria, zuzendaria eta protagonista da.

Bestalde, Goenkaletik GOAZEN!era, telebistarako euskal fikzioa izeneko euskarazko mahai inguru bat izango da jaialdian. Telebistarako euskal fikzioak ibilbide luzea egin du gaur arte. Goenkale telesaila da telebistarako euskal fikzioaren mugarrietako bat, 21 urtez eman ondoren. Gaur egun Go!azen da euskal telebistaren fenomeno berria: batez ere gazteenen artean arrakasta duen telesaila, fikzioa eta musika uztartzen dituena. Mahainguruan parte hartuko du, besteak beste, GAZTEZULO aldizkariko zuzendari eta zinema zein telesail kritikari Gaizka Izagirrek. Saioa maiatzaren 8an izango da, asteazkena, 19:00etan, Koldo Mitxelenan.

Telesaileena gaur egungo kulturaren arlo garrantzitsu, dinamiko eta sortzaileenetakoa da, eta horregatik Crossover lengoai artistiko honen inguruko hausnarketa eta gozamenerako topaleku bezala jaio da, publiko mota ezberdinei zuzendutako proposamenak eskainiz.

Jarduera guztiek sarrera librea dute edukiera bete arte, Eztabai programa ezik. Kasu honetan aldez aurretik eman behar da izena. Saioa politika eta telesailen arteko harremana aztertuko duen solasaldi-afari bat izango da, oso gonbidatu bereziekin. 

Ezagutu programa OSORIK.