Crossover telesailen jaialdia astelehenean abiatuko da Donostian

Crossover telesailen jaialdia astelehenean abiatuko da Donostian Mahai-inguruetan hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola plataformen eta hizkuntza gutxituen arteko harremana, zientziaren eta umorearen presentzia telesailetan eta adikzioen irudikapena. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/crossover-telesailen-jaialdia-astelehenean-abiatuko-da-donostian/@@download/image/20220420113202_DVL_9355.jpg
2022/04/22

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Mahai-inguruetan hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola plataformen eta hizkuntza gutxituen arteko harremana, zientziaren eta umorearen presentzia telesailetan eta adikzioen irudikapena.
Crossover telesailen jaialdia astelehenean abiatuko da Donostian

Crossover telesailen jaialdiaren bosgarren edizioa astelehenean hasiko da eta larunbatera arte izango da martxan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean eta Tabakaleran. Mahai-inguruak, proiekzioak, estreinaldiak eta afari-tertuliak izango dira jaialdian. Telesailen munduan lan egiten duten hainbat sortzaile izango dira bertan, besteak beste, Leticia Dolera, Manuel Burque, Jon Kortajarena, Koldo Almandoz, David Trueba, Amancay Gaztañaga, eta Diego San Jose.

Jaialdia Vota Juan – Vamos Juan – Venga Juan telesailaren sortze prozesuari buruzko saio irekiarekin hasiko dute, eta Diego San Jose eta Víctor Garcia Leon zuzendari eta gidoilariak izango dira bertan. Jarduera profesionalak ere egingo dituzte Aitor Gabilondo showrunnerarekin, Laura Sarmiento gidoilariarekin eta Xabier Berzosa ekoizlearekin.

Astelehenean bertan El Inmortal telesaila estreinatuko dute, Canneseries lehiaketan parte hartu berri duen drama kriminala. Telesaileko kide batzuk izango dira bertan, tartean Jon Kortajarena aktorea, Domingo Corral zuzendaria eta Jose Manuel Lorenzo telesailaren sortzailea.

Asteartean, hilak 26, David Simon: izorra dadila ikusle ertaina? mahai-ingurua egingo dute, Paloma Rando eta David Truebarekin, Isabel Vazquezek gidatuta. Simon showrunner  eta The Wire telesailaren egilearen sormen-unibertsoaz arituko dira. Mahai-inguruaren ondoren, We own this city (HBO Max) bere lan berriaren lehen atala estreinatuko da.

Asteazkenean, 18:30ean, plataformen eta hizkuntza gutxituen arteko harremanari buruz arituko dira Koldo Almandoz zuzendaria, Marian Fernandez ekoizlea eta Urtzi Urkizu kazetaria, Gaizka Izagirrek moderatuta. Ondoren, 20:00etan, La novia gitana nobelaren inguruan egindako egokitzapena eta horren lehen irudiak aurkeztuko dira. Antonio Mercerok eta Jose Rodriguez gidoilariak emango dute proiektuaren berri, beste batzuekin batera. 

Zientziak telesailetako fikzioarekin duen lotura aztertuko dute Aitzol Garcia-Etxarri fisikari eta ikerlariak, Eduardo Saenz de Cabezon matematikariak, eta Jose Luis Crespo fisikari eta dibulgatzaileak. Horretaz gain, Magpie Murders telesailaren lehen atala estreinatuko dute. Estreinaldia Xabier Gutierrez sukaldari eta idazleak aurkeztuko du.

Ostiralean, berriz, Aitor Gabilondo ekoizle eta gidoilariak eta Javier Giner zuzendari eta Yo, adicto liburuaren egileak fikzioaren eta adikzioen arteko harremanaren gakoak jorratuko dituzte, Alberto Rey kritikariak gidatuta.The Palace (Der Palast) suspentsea eta drama uztartzen dituen telesaila ere estreinatuko dute. Eguna amaitzeko, Leticia Dolera eta Manuel Burque Vida perfecta telesailaren sortzaileek artista eta profesionalentzat telesailena esparru interesgarriena ote den eztabaituko dute. Euren eraginei eta gustukoen dituzten telesailei buruz ere hitz egingo dute, eta baita ikus-entzunezkoen munduan lan egiteak dakarrenari buruz ere. Solasaldia Maitena Salinasek moderatuko du, Covent Gardeneko areto ingelesean egingo den afari-cocktailean.

Larunbata izango da azken eguna eta hainbat ekintza antolatu dituzte. Lehen jarduera 12:00etan izango da, Pantaila txiki, umore handia eztabaida, Mikel Pagadi eta Amancay Gaztañagaren eskutik, Leire Arrojeriak moderatuta. Arratsaldean, 18:00etan, Travelling Series Live-ren txanda izango da. Bidaia horretan, Gipuzkoako hainbat lekutan barrena ibiliko dira, besteak beste, telesail ezagunak filmatu diren inguruetan. Lorenzo Mejino Julian Iantzi aurkezle ezagunarekin arituko da solasean. Jarraian, 19:00etan, denboraldiko telesail uztaren alderdi azpimarragarrienak errepasatuko dituzte Borja Crespo eta Marina Such kritikariek.

Jaialdia amaitzeko, ohiko telesail guda izango da. Oraingo honetan, suspentse cool delakoaren bi mugarri izango dira aurrez aurre:Twin Peaks vs The X Files. 90eko hamarkadako bi telesail ospetsu horien inguruan arituko dira Enric Alber, Borja Crespo, Gaizka Izagirre eta Marina Such, Maitena Salinasen gidaritzapean.

Sarrerak eta gonbidapenak
Jaialdiko jarduera guztietarako sarrera librea da, aforoa osatu arte, Kontatutako telesaila ekitaldirako eta El Inmortal-en estreinaldirako izan ezik, horietarako doako gonbidapena beharko baita. Bestalde, Telesailak nahieran ekitaldia afari-cocktail formatuan egingo da eta ordainpekoa izango da. Sarrerak eta gonbidapenak jaialdiaren webgunean daude eskuragarri.