Cristobal Balentziagari buruzko telesaila egingo dute Moriartitarrek

Cristobal Balentziagari buruzko telesaila egingo dute Moriartitarrek Jose Mari Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregik zuzenduko dute Disney-rentzat egingo duten telesaila. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/cristobal-balentziagari-buruzko-telesaila-egingo-dute-moriartitarrek/@@download/image/626698217_214698234_1706x960.jpg
2021/11/12

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

 

Jose Mari Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregik zuzenduko dute Disney-rentzat egingo duten telesaila.
Cristobal Balentziagari buruzko telesaila egingo dute Moriartitarrek

Cristobal Balentziaga moda diseinatzaile ezagunari buruzko telesaila garatzen ari dira Jose Mari Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregi, Lourdes Iglesias gidoigilearekin batera. Disney+ kateak Espainiako Estatuan egingo duen lehen ekoizpen originala izango da. Ez dute iragarri nork gorpuztuko duen diseinatzaile getariarra. 

Balenciaga izenburua du oraingoz proiektuak eta jakinarazi dutenez, "gizarte-estatusa gaindituz, bere dohainei, jarraikortasunari eta negozioetarako senari esker, munduko diseinatzailerik nabarmenenetako bat bilakatu zen" gizonaren istorioa kontatuko du. "Oztopoen aurrean norbere identitatea bilatzeko eta gizarte arauei aurre egiteko" ibilbideari buruzko erretratua izango dela azaldu dute: "Artistaren bakardadean murgilduta, bere lana epaitzen zuten horien aurrean estilo propioa aurkitzeko grina zuen. Bere galeren eraikuntza eta dekonstrukzioaren lekuko izango da ikus-entzulea, bidelaguna, ama eta herrialdea galdu baitzituen". 

Moriartitarren lehen lana izango da telebistarako, zinean ibilbide luzea duten arren, hala nola Loreak, Handia, 80 egunean edo La trinchera infinita lanekin.

Gabonetako loteriaren iragarkia
Hirukoteak zuzendu du aurtengo Espainiako Estatuko Gabonetako Loteriaren iragarkia ere. Moriarti Produkzioak ekoiztetxeak sortu du, eta Elizondon eta Baztan inguruan grabatu dute Zortea partekatzen dugu, bizitza partekatzen dugu lelopean. Izan ere, Gabonetako Loteriaren iragarkia herri batean girotu dute. Bertan, familia batek Gabonetako zozketarako dezimo bat jasoko du, nork bidali duen jakin gabe. Mezuan zehaztuta dagoenez, igorlearen helburua, saria egokituz gero, partekatu ahal izatea da. Hortik aurrera, katea sortuko da udalerrian eta herritar guztiek jasoko dute dezimoren bat. Amaieran, herritar guztiak kalera aterako dira, Loterian zortea izan dutela ospatzera.