Covid-19aren ondorioak arintzeko Jaurlaritzak emandako laguntzak gainerako euskarazko komunikabideei zabaltzeko eskatu du Hekimenek

Covid-19ak hainbat eremutan izan du eragina, baita komunikabideen alorrean ere, eta euskarazko hedabideen kasuan zer esanik ez. "Pandemia hasieran egin genuen azterlanak argi erakutsi zuen, besteak beste, publizitatean jaitsiera nabarmena jasaten ari garela edota harpidetzetan ere murrizketa gertatzen ari dela. Eta horri guztiari pandemia zeharka eragiten ari den bestelako ondorioak ere gehitu behar zaizkio (paperaren, argindarraren edota erregaien garestitzea). Diru-sarrerak murrizten ari diren bitartean, gastuak handitzen ari dira eta horrek asko zailtzen du komunikabideen biziraupena", adierazi du Hekimen Euskarazko Hedabideen Elkarteak.
Egoera ikusirik, Eusko Jaurlaritzak hainbat hedabideri 5 milioi euro eman dizkio, CIESen eta Interneteko audientzien araberako proportzioan. Eguneroko prentsa idatziari eta irratiari baino ez dio dirua eman, ordea, eta baztertu egin ditu bestelako maiztasuna duten aldizkariak, tartean GAZTEZULO, tokiko hedabideak, aldizkari espezializatuak, herri-telebistak, Internetekoak... Hain zuzen ere, hori salatu nahi izan du Hekimenek: "Bizi dugun egoera komunikabide guztiona da, ez bakar batzuena soilik. Ondorioz, ez da ulertzen Jaurlaritzak laguntza hauek komunikabide jakin batzuetara soilik bideratzea. Are gehiago, bere garaian, azterlanaren emaitzekin batera, euskarazko komunikabideetan pandemiaren ondorioak leuntzeko neurriak ere eskatu genituenean".
Gainera, euskarazko komunikabideek laguntzaren %6,6 bakarrik jaso izana ere salatu du elkarteak: "Euskararen normalizazioaren ikuspegitik euskarazko komunikabideen lana ezinbestekoa den heinean, ezin dira Covid-19ak eragindako ondorioen aurrean babesik gabe utzi, txertatu gabe utzi. Izan ere, hori Covid-19aren aurkako txertoa hautatutako batzuei soilik jartzearen parekoa litzateke. Ulergaitza egiten da aldizkari orokorrak, tokiko hedabideak, espezializatuak, herri-telebistak… babes neurri horretatik kanpo uztea. Zer herri-eredu du buruan Eusko Jaurlaritzak dirua horrela banatzen duenean? Zer iritzi du ekosistema mediatikoari buruz?".
Ondorioak gehien jasan dituztenak egitasmo txikiak direla ere nabarmendu nahi izan du Hekimenek: "Izan ere, txikiak dira bestelako diru sarreretara heltzeko arazo gehien dituztenak (publizitatea, publizitate instituzionala, dirulaguntza bereziak...). Komunikabide askorentzako egoera kritikoa da eta hainbat egitasmoren biziraupena jokoan dago. Txertoekin bezala, lehentasuna zahurgarrienek izan beharko lukete. Zergatik lagundu handienak bakarrik, irismen-datuetan oinarrituta? Zer komunikazio ekosistema sustatu nahi du Eusko Jaurlaritzak?".
Bestetik, euskarazko komunikabideek "pandemia garaian egindako ahalegin berezia" gogorarazi nahi izan du elkarteak, "informazio gaitasunari eutsi eta gaitasun hori indartzeko". Herritarrek ahalegin hori eskertu dutela azaldu du, pandemia garaian euskarazko komunikabideen kontsumo digitala nabarmen handitu baita.
Gauza hauek guztiak kontuan hartuta, laguntza hori zabaltzeko eskaera egin du Hekimenek: "Horrelako laguntza puntualek edota berrikuntzari lotutako inbertsioek euskarazko komunikabideak kontuan hartzen ez badituzte, zaila izango da aurrera egitea. Honegatik guztiagatik, Hekimen elkartetik Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu Covid-ak eragindako kalteak arintzeko helburuz onartutako laguntza hauek euskarazko gainerako komunikabideei ere zabaltzea".