Clubhouse, iraultza egitera doan sare sozial berria

Clubhouse, iraultza egitera doan sare sozial berria Ahotsa da app berri eta esklusibo honen komunikazio tresna; oraingoz soilik iOSen erabili daiteke, gonbidapenarekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/clubhouse-iraultza-egitera-doan-sare-sozial-berria/@@download/image/https___cdn.cnn.com_cnnnext_dam_assets_210127110153-clubhouse-app-restricted.jpg
2021/02/01
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Ahotsa da app berri eta esklusibo honen komunikazio tresna; oraingoz soilik iOSen erabili daiteke, gonbidapenarekin.
Clubhouse, iraultza egitera doan sare sozial berria

Mezu idatziak iraganeko kontua bihurtuko dira aurki; hemen da iraultza egitera datorren sare sozial berria. Clubhouse izena du eta soilik ahotsezko mezuekin funtzionatzen du; ate nagusitik sartzeko asmoarekin dator, eta ahalik eta jakin-min handiena sortzeko, oraingoz soilik iOS mugikorretako erabiltzaileek probatu ahalko dute, gonbidamenarekin, noski.

SORRERA

2020ko maiatzean jaio zen Clubhouse, Paul Davison eta Rohan Seth-en eskutik. Aurretik Talkshow izeneko proiektua jarri zuten martzan, podcats-ak modu sinplean sortzeko aplikazioa, hain zuzen; zoritxarrez, ideiak ez zuen arrakastarik izan, eta hala sortu zuten Clubhouse.

ZER DEN

Baina, zertan datza Clubhouse? Sare sozialaren sortzaileen helburu nagusia erabiltzaileak podcastetan parte hartzera gonbidatzea zen, eta horixe da sare sozialaren hasierako helburua; moderatzaile batek areto edo klub bat irekitzen du, podcast baten moduan; jarraian, erabiltzaileak areto ala klub horretara gonbidatzen ditu, gaiaz eztabaidatu dezaten ahots mezuen bidez. Dena ahotsez egiten denez, ez dago ezer idatzi beharrik; mezuak aldi baterako gelditzen dira eskuragarri, eta ondoren guztiz desagertzen dira. 

Behin klub horietako batean sartuta, erabiltzaileek "eskua" altxatu behar dute hitz egiteko; moderatzaileak baimena ematean, audioak bidali ditzakete. Horrekin batera, iritziei "atsegin dut" emateko aukera dago. Edozein gaien inguruko klubak sortu daitezke; politika, egunerokotasuna, txutxu-mutxuak, kirolak... behin eztabaida amaituta, kluba itxi egiten da, mezuak ezabatuz.

Azken finean, WhatsAppen geroz eta ugariagoak diren audioen hurrengo pausotzat hartu genezake sare sozial hau, baina esklusibotasun puntu batekin (oraingoz). 

ESKLUSIBOTASUNA VS. MODERAZIO ARAZOAK

Instagram edota Twitch-en biralizazio kanpainei jarraika, Clubhouseko egileek aplikazioaz hitz egin dadila bilatzen dute, denbora gutxian mundu guztiak desiratu dezan. Hori dela eta.. Clubhouseko lehen erabiltzaileak famatuak izan dira; kontuan izan erabiltzaile bakoitzak soilik 2 lagun gonbidatzeko aukera duela, eta 3 elkarrizketa sesio baten moderatzaile bihurtzen bada. Gonbidapen sistema esklusibo horrekin, jakin-mina piztea bilatzen dute. Hala, badirudi Android mugikorra dutenek gutxienez 6 bat hilabete itxaron beharko dituztela sare sozial berri hau probatzeko.

Halere, lehen erabiltzaileek moderazio arazoak salatu dituzte, izan ere, edozein izan daiteke moderatzaile, eta beraz, elkarrizketak ildo arriskutsuetatik bideratu daitezke inolako kontrolik gabe; idatzitako mezuen kasuan errazagoa da abusuak salatzea, dela emakumeen aurkako indarkeria kasuetan, bullying kasuetan, arrazismoan edota bestelako abusu kasuetan; ahots mezuekin ordea, salaketak egitea ia ezinezkoa da. 

TWITTERREN APUSTUA: SPACES

Oraindik ikusteke dago Clubhousek birala bihurtzea lortuko ote duen ala ez, baina bitartean, Twitter ez da atzean gelditu, eta Spaces aukera jarri du martxan (abendutik erabilgarri dago). Clubhousen bezala, Spaces aplikazioarekin erabiltzaileek eztabaida espazioak ireki ditzakete, espazio horretara sartzen diren erabiltzaileei ahotsa emanez. Baina Twitterren kasuan, Clubhousen ez bezala, bereziki zainduko dute espazio horietan eztabaidatzen dena; gauzak horrela, Twitterrek normalean eraso gehien jasotzen dituztenei eta baztertuak izan ohi diren profilei emango die ahotsa, batez ere emakumeei.