Chris Evans: urdin ala gorri, aukeratu zuri

Chris Evans: urdin ala gorri, aukeratu zuri https://www.gaztezulo.eus/albisteak/chris-evans-urdin-ala-gorri-aukeratu-zuri/@@download/image/2012433746chris_1368624807.jpg
2012/04/06
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa
Chris Evans: urdin ala gorri, aukeratu zuri
Irekiera kredituak. Belardi zabala. Massachusetts University. Pasiloetan barrena, alde banatan metalezko takilak, urdinak eta gorriak. Bi metroko ergela betaurrekodun liburu-jalea jipoitzen.

Ezkerretan, koaderno arrosak beso artean bularrak estutzen dituzten hiru tuntunak. Eskuineko atea ireki eta futbol zelaia. Izkina batean unibertsitateko musika bandaren entsegua. Zelaiaren erdian futbol taldearen entrenamendua. Quarterbacka da kapitaina, Brian. Kaskoa kendu eta kopetako ile-xerloa orraztu ostean harmailetara begiratzen du. Han daude animatzaileak, erdian Cindy, ilehori liraina.

Film horietako batean protagonista izan zitekeen lasai asko Chris Evans. Guapoa, gorputz lerdena, ironia puntua, begirada maltzurra. Baina nerabe film horiek serio hartzearen kontra, Not Another Teen Movie (2001) estreinakoan parodiatu egin zituen. Zaila da, ordea, Hollywooden tiraniari ihes egitea, eta 2004an, Cellular filmean, Kim Basinger bahitzaile zitalengandik salbatuko zuen mutil katxarroa izan zen, orduko bikote Jessica Biel ederra alboan zuela. Action Man, Chris. Eta noski, quarterbackarena egin ez baduzu, WASP galai hori, superheroi izan beharko. Hala, Fantastic Four (2005) moldaketan Johnny Storm giza-zuzia bilakatu zen.

'American Way of Life'-aren eredu bai, baina 'Stablishment'-aren estereotipoetatik ihesi, iragana lagun, 2010ean superheroi filmeak parodiatzea bururatu zitzaion Scott Pilgrim VS the World film ezin 'geek'agoan. Eta berriro zuritik beltzera, edo beltzetik zurira. Amerikako Estatu Batuen ikur, demokrazia eta askatasunaren ordezkari, ohorearen eta balentriaren adibide, Captain America: The First Avenger (2011). Krisi globalaren garai hauetan, zein bide hoberik AEBen gidaritza baino; gaizkiaren kontra, ongia nagusi. Marvel etxeak hilabete honetan batuko ditu bere mendekatzaile guztiak, The Avengers, eta guztien buru, barra eta izarren ezkutuaren atzean, Chris Evans, also known as Steve Rogers, Amerika Kapitaina.

Nortasun Agiria


Izena: Christopher Robert Evans
Jaioteguna: 1981-06-13
Jaiolekua: Boston (AEB)
Aktore estimatuena: Gene Hackman
Musika talde kuttuna: Electric Light Orchestra (ELO)
Gorroto ditu: Kolonia eta altuerak
Maite ditu: Marraztea eta gimnasioa