Chinua Achebe: Afrikako historia berridazten

Chinua Achebe: Afrikako historia berridazten https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Chinua Achebe: Afrikako historia berridazten
“Ez utzi beste batzuek zure historia idatz dezaten”. Esaldi horrek ondo laburbiltzen du Chinua Achebe idazle afrikarraren literatur ibilbidea. Achebek ez du sekula onartu metropoliek Afrikaren historia idazterik, bera historialaria ez izan arren; nobela, ipuin, poema eta saiakera ederrak idazten dituen gizon sentibera baizik. Achebe 1930ean jaio zen Nigerian, eta konpromiso sozial eta politikoa izan dira bere bizitza ibiltariaren ardatz nagusia.
Konpromisoa, horixe da hitza. Achebek ezin zuen jasan mendebaldeko nobelek afrikarrei buruz azaltzen zuten irudia, eta gisa horretara, saiakera azkarren bitartez, Joyce Cary eta Henry Ridder Haggard-en irudiak eta kontzeptuak arrazistak zirela frogatu zuen. Beste hainbeste egin zuen metropoliaren idazle torturatuenarekin, Joseph Conrad-ekin, eta haren Heart of darkness ilunarekin. Achebek Conraden klasikoa disekzionatu zuen, eta idazlea arrazistatzat jo. Halakorik!
Achebe Afrikaren historia berridazten saiatu da beti, eta horretarako, Umuofia izeneko hiri fiktizioan bizi diren pertsonaiak hartu ditu makulutzat. 1958an, XIX. mendeko gertakizun nagusiak errepasatzen dituen tetralogia hasi zuen Things fall apart izeneko nobelarekin: britainiarrak Nigeriara heldu zirenekoa kontatzen du bertan, eta nola, inposatutako ordena berriarekin, behin betirako galdu ziren Nigeriako bizimodu eta antolaketa tradizionalak. Gainbehera dator dena izenburupean, orain Alberto Martinez de la Cuadrak euskaratuta irakur dezakegu klasiko hura. Elkar eta Alberdania argitaletxeek elkarlanean kaleratu dute itzulpena.
Nobela giltzarri haren ondoren heldu zen No longer at ease (1960), funtzionari britainiar ustel bat protagonista duena, eta Man of the people (1966), Erresuma Batuaren parte izandako Afrikako koloniei buruzkoa. 1987an, Anthills of the Savannah argitaratu zuen, Afrikako diktadurei buruz.