Childrain: "Metalak ez du sekula hedabideen babesik izan"

Childrain: "Metalak ez du sekula hedabideen babesik izan" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/childrain-metalak-ez-du-sekula-hedabideen-babesik-izan/@@download/image/childrain1_1413802667.jpg
2014/10/20
elkarrizketa
Leire Palacios (@AnnieSdelMono) eta Saioa Baleztena (@SaioB)
Maiatzaren erdialdean ezagutu genituen Musiketxeak egitasmoak hirugarrenez antolatu zuen Hileko Taldea lehiaketaren irabazleen izenak eta, aste honetan eurekin hitz egin dugu taldeen ibilbidearen eta lehiaketaren inguruan gehiago jakiteko.


Noiz eta nola sortu zen Childrain?
2008 inguruan hasi ginen, Gasteizen, metal proiektu honi forma ematen. Ordura arteko gure taldeak desagertu ziren eta energia osoa talde honetan jarri genuen. Urteak pasa diren heinean, bi lagun ezagutu genituen eta gaur egungo taldea osatu genuen horrela.

Lehen diskoa kaleratu zenutenetik bost urte pasa dira dagoeneko. Nolakoa izan da zuen ibilbidea?
Guk jorratzen dugun estiloak Euskal Herrian merkaturik ez duela kontutan hartuta, balorazio oso positiboa egiten dugu. Lehen diskoa kaleratu genuenetik bost urte pasa dira bakarrik eta dagoeneko hirugarrenean lanean ari gara. Hala ere gorago heltzea da gure asmoa!

Zeintzuk dira zuen musika influentziak?
Pantera, Metallica, Sepultura, Bad Religion eta Nofx taldeak, gehien bat. Batez ere, 80ko eta 90eko hamarkadako taldeak.

Zenbateraino da zaila musikaren zirkuituan aurrera egitea?
Oso zaila da. Metalak ez du sekula hedabideen babesik izan eta, gaur egun, talde gehiegi daude. Horregatik garrantzitsua da gainontzeko taldeekin desberdintzea. Gure erronka Europan zehar jotzea da, Euskal Herrian ezin baitugu egiten dugunaz bizi. Ez dakigu nola amaituko dugun, baina gure ametsak betetzen saiatuko gara!

Talde aniztasun horretan, zer esango zenukete dela bereizgartizen egiten zaituztena?
Gaur egun, singularra izatea ez da erraza baina gure ustez, talde ororen bereizgarritasuna esperientziak ekartzen du eta gu bidean gaude oraindik. Dagoeneko badugu gure soinu propioa, baina oraindik lan asko egin behar dugu.

Zer zailtasun topatu dituzue asmo horiekin aurrera egin ahal izateko?
Euskal Herrian eta Espainaian ez dago gure estiloan eszenarik. Metal talde handiek dute boterea eta jende askok estilo honetako musika entzuten duen arren, kontzertuetara ez da inor azaltzen. Zoritxarrez errealitate horrek ate guztiak ixten dizkigu.

Zer suposatu du zuentzat Musiketxeak proiektuan sarituak izatea?
Oso garrantzitsua izan da! Batetik, talde txikiak laguntzeko ekimen interesgarria delako eta bestetik, agertoki garrantzitsuetan jotzeko aukera oparitu digulako.

Bost sarituen artean egotea espero al zenuten?
Inolaz ere ez. Normalean ez gara lehiaketetan aurkezten baina, ekimen berezia iruditu zitzaigun eta ez gara damutzen!

Aurkeztu zaretenean behintzat, errekonozimendua jaso duzue. Nola sentiarazten zaituzte horrek?
Guretzat lehiaketak marketinga dira. Publizitatea egiteko aukera ematen digute, baina, normalean ez dute ezer gehiagorik eskaintzen. Musiketxeak ekimena desberdina izan zen, kontzertuak egiteko aukera ematen zuelako.

Tira, non eta norekin jotzea gustatuko litzaizueke?
Talde askorekin! Gojira, Machine Head, Mastodon eta Metallica taldeekin adibidez, eta eurekin jotzeko aukera izango bagenu tokia gutxienekoa izango litzateke. Gure ametsa borobiltzeko, agian, Europan, AEBetan, Australian eta Japonian!

Zer asmo duzue etorkizunerako?
Orain gure hirugarren bilduma prestatzen ari gara, 2015 urte hasieran kaleratzeko asmoz. Ondoren, Europatik egin nahiko genuke bira, baina hori lortu ahal izateko lan asko dugu aurretik!

Ametsak egi bihurtu bitartean, datozen asteetan non ikusiko zaituztegu?
Azaroaren 27an Biarritzeko Atabal aretoan joko dugu baina, disko berria prestatzen ari garen bitartean zuzeneko emanaldiak albo batean utziko ditugu.

Amaitzeko, disko berriaren aurrerapenik egin dezakezu?
Oraindik abestiak sortzen ari gara baina 8-10 abestiko bilduma izango da. Gasteizko Cynik estudioetan grabatuko dugu eta nahasketak eta masterizazioa Erik Monsonisek egingo dizkigu Mexikon seguruenik.

MUSIKETXEAK



Jimmy Jazz Gasteiz, Bermeoko Kafe Antzokia, Biarritzeko Atabal eta Bilboko Emankor Elkartea kultura eragileek 2011n sortu zuten sarea da Musiketxeak eta hiru helburu nagusi ditu: zuzeneko musikako aretoetan proiektu soziokulturalak sustatu eta garatzea, Euskal Herriko musikari berrien harrobi sendo bat eratzea eta artista horien egitasmoak zabaldu eta ikusgai egitea.