Charlotte Roche: Bide zikinetik zuzen

Charlotte Roche: Bide zikinetik zuzen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/charlotte-roche-bide-zikinetik-zuzen/@@download/image/charlotte_roche_1451993312.jpg
2012/12/13
erreportajea
Duela bi urte Alemanian argitaratu zenean, polemika eragin zuen liburu arrakastatsua bihurtu zen Charlotte Rocheren lehen nobela: Feuchtgebiete [Hezeguneak]. Errealismo zikina, pornografia eskatologikoa, feminismo lotsagabea, marketin hutsa, probokazio basatia eta antzeko etiketak erabili izan dituzte hedabideek liburu berezi hau hizpide hartu dutenean.
Ez da harritzekoa. Lehen hiru hilabeteetan milioi erdi ale saldu zituen Alemanian, eta geroago beste dozena bat hizkuntzatan ere azkar bilakatu da liburu salduenetakoa. Hedabideetako kultura eta literatura orrialdeetan, beraz, ezinbestean nabarmendu behar izan dute, baina ohiko etiketa guztiak alde batera utzi behar izan dituzte, nondik heldu eta aztertu ere ez zekiten liburuaren aurrean.
Helen Memel protagonistari uzkia urratzen zaio ipurdiko ileak kentzen ari den bitartean, eta konpontzeko ebakuntza egin behar diote ospitalean. Bertako ohetik mintzo da 18 urteko neska gaztea, inolako taburik gabe, zikin bezain lotsagabe, uzkiarekin duen harremanari buruz: sexua, higienea, jarioak… eta moralarekin, plazerarekin eta probokazioarekin jolasten du etengabe, irakurlea harritzen duen koktel basatia osatuz.
“Erakutsi nahi nuen 60ko eta 70eko hamarkadetako printzipio askatzaile asko ez zirela behar bezala heldu gugana eta, alde horretatik, liburu hau manifestu bat ere bada”, dio egileak. Hori izango da akaso. Ez baitu hutsik egiten irakurlea harrapatzean eta zer pentsatua ematean.
Hala ere, batzuentzat, hau guztia gaia nahita hautatu eta marketin on batekin atondutako kanpaina besterik ez da. Izan ere, Alemaniako telebistan aurkezle izan zen Roche musika kate batean, zenbait sari jaso zituen, eta mediatikoki oihartzuna zuen kazetaria zen lehendik ere, The Dubinskis musika taldeko kidea izateaz gain. Ingalaterran jaio zen 1978an, baina haurra zenetik bizi izan da Alemanian. Aktore lanetan ere aritu izan da.
Uler daiteke, beraz, gaia eta marketina uztartu izanaren salaketa, baina ezaguna eta probokatzailea izatea ez da benetakoa ez izatearen bermea. Gainera, Hezeguneak literatura da. Literatura besterik ez. Baina literatura baino askoz gehiago.
Bibliografia
• Feuchtgebiete [Hezeguneak, 2008].