Charlize Theron: Afrikako erregina

Charlize Theron: Afrikako erregina https://www.gaztezulo.eus/albisteak/charlize-theron-afrikako-erregina/@@download/image/11p39-1_1359554820.jpg
2001/09/03
erreportajea
Hollywoodeko izar bihurtu aurretik, Martiniren iragarkirik famatuenean mini-gonaren jostura apurka-apurka desegiten zihoakion neska ilehoria bezala egin zen ezagun Charlize Theron. Bere sustraiak, baina, iragarki hartako kostalde oparotik oso urrun daude.Hego Afrikako Benoni herrixka galdutik at dagoen etxalde batean jaio baitzen duela 26 urte Charlize ederra.

Bere aita basetxetar frantziar bat zen. Ama, berriz, eraikuntza enpresa batean manager aritzen zen emakume alemaniar bat. Eskolako ikasle zuri bakarra izan zen Charlize. Horrek, arrazismoa ohi baino indar handiagoz gaitzestera eraman du, apika.

Dantza klasikoa izan zen Charlize txikiaren amets bakarra. Hala, sei urte besterik ez zituenean, Johannesburg hiriko eskolarik onenean hasi zituen dantza ikasketak. Gazte nerabe zela, auto istripu batean hil zitzaion aita eta ezbehar horrek bizitza aldatu zion erabat. Saminetik ihesi, Milanera jo zuen Charlizek. Bertan, bi urtez egin zuen lan modelo gisa. Italian etorkizunik ez zuela jabetuta, Ameriketara abiatu zen dantzari bihurtzeko asmoz. New Yorkeko Joffrey Ballet School prestijiotsuan bere estiloa hobetu ostean, dantza munduan murgildu zen. Belauneko lesio larri batek, ordea, bere ametsarekin amaitu zuen.

Baina patua apetatsua izan ohi da usu. Egun batean, zinema ekoizle ezagun batek kalean egin zuen topo berarekin eta "2 days in the Valley" filmean rol esanguratsu bat eskaini zion. Harrez geroztik, gorputz polit bat baino askoz gehiago dela erakutsi du Charlize Theronek. Woody Allen, Robert Redford edo John Frankenheimerren aginduetara errodatu dituen filmetan egindako interpretazio txukunak dira horren lekuko. Nolanahi ere, Lasse Hallstrom suediarraren "The Cider House Rules" gazi-geza izan da Charlize benetako izar bilakatu duen filma.

Hego Afrikako diamante zuriak gizon erakargarri askoren bihotza urratu du azken urteotan zeluloidezko paradisuan. Biktimen artean George Clooney galaia ere omen dago. Dena dela, Craig Bierko aktore gaztea izan zen bere lehen harreman serioa. Maitasunak, ostera, ez zuen gehiegi iraun. Third Eye Blind musika taldeko abeslariaren ondoan lasaitasuna aurkitu zuela zirudienean, baina, Stewart Towsend aktore irlandarraren xarmak gatibatu du Charlize sentiberaren bihotz jostalaria. Hala eta guztiz ere, gizonak baino areago, Amerikako tronoa duela maite dirudi Afrikako erreginak.