Catherine Townsend: Izara arteko sekretuak

Catherine Townsend: Izara arteko sekretuak https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Catherine Townsend: Izara arteko sekretuak
Esango nuke begiak margotzeko lapitzarekin idatzi zidala goiz hartan besoan aurkitu nuen izena: Catherine Townsend.
Batzuetan, bereziak izaten dira bezperako parrandaren, solasaldiaren edota gauaren arrastoak, eta halakoa zen besoan idatzitako izen hura ere. Catherine Townsend. Irakurri beharreko hurrengo idazlea.
Kostaldeko herri bateko jaietan izan zen, abuztuan. Bero egiten zuen.
—Bularretakorik gabe ibiltzea ekintza artistikoa da? -begiradarekin zulatu ninduen hasieran, baina samur antzera erantzun zuen, zalantza egin ondoren.
—Ez, iraultza indibidualetan sinesten dudalako da.
Ez nion ulertu, eta horixe esan nion, batzuetan ez ditudala ulertzen.
—Oraintsu amaitu dudan liburua irakurri beharko zenuke: Más sexo y menos Nueva York. Akaso apur bat gehiago ulertuko gaituzu eta.
Begiak margotzeko lapitza aterata, egilearen izena utzi zidan besoan: Catherine Townsend.
Ez nuen ezagutzen.
Azken urteotan Ingalaterran bizi den kazetari estatubatuarra da. Gaztea. Maitasun kontuengatik sorterria utzi eta Londresera egin zuen. Iritsi orduko, ordea, bikote harremana amaitu eta jendetzaren erdian bakarrik geratu zen, bere hitzetan. Zenbait hilabete noraezean eta etsita igaro ondoren, sorlekura itzultzekotan zenean, The Independent egunkarian astero sexuari buruzko zutabea idaztea eskaini zioten, eta onartu egin zuen. Sleeping Around izena du irakurleekin duen asteroko hitzorduak, horren harira sortutako blogak eta baita bere egunerokotasuna eta, batez ere, sexu esperientziak biltzen dituen liburuak ere. Sleeping Around.
Europan zein Amerikan, zenbait hizkuntzatan irakur daiteke dagoeneko liburua, zenbait herrialdetan izenburua aldatzeko lizentzia hartu duten arren. Gazteleraz, esaterako, Más sexo y menos Nueva York bihurtu dute Sleeping Around.
Zorrotza da askotan mutilen inozokeria sinpleaz ari denean. Ez dugu besterik merezi. Argia da batzuetan sexualitateaz ari denean. Ironia gordina darie orrialdeei, eta ez du gordetzen sekreturik izara azpian. Pornografia, filosofia, literatura. Dena nahasian. Goitizenik gabe sinatzen du gainera, bere horretan, lotsarik gabe. Catherine Townsend.
Ez dugu azkenaldian elkar ikusi. Mezuren bat bidali beharko diot hauetakoren batean: "Gezurti. Ondo dago liburua. Apur bat gehiago ulertzen zaituztet orain, baina ez dio ezer bularretakorik gabe ibiltzeaz eta iraultza indibidualei buruz".
Bibliografia
• Sleeping Around (2007).