Carlos Urquijoren potoa

Carlos Urquijoren potoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/carlos-urquijoren-potoa/@@download/image/59p57-1_1365765546.jpg
2006/01/06
erreportajea
Aritz Beitia
Carlos Urquijoren potoa
Lau urtean behin gertatzen da, eta egia esan, lau urteoro  ukitu berezi eta hunkigarria izaten du. Dena den, aurtengoa beste gauza bat izan da, eta aurreikuspen guztiak gainditu dira: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaz ari gara, eta Barakaldoko BEC ospetsuan izandako giroa telebistaz etxeratu zitzaigunekoaz.

Abenduaren 18an, igandeetan goiz eta arratsaldez ia kirola besterik eskaintzen ez digun ETB 1, oasi moduko zerbait bihurtu zen milaka bertsozalerentzat. Josu Goikoetxea eta Estitxu Fernandezek, bertsolari txapelketako finalaren komentaristek, txapela kentzeko moduko lana egin zuten –eta ez gara Andoni Egañaren txapelaz ari-. Bertsoak neurrian komentatuta, soberako iritzitan eta pronostiko-egite arriskutsutan erori gabe, oso ondo eskaini zuten saioa. Tonu sinpatiko, arin eta hurbilekoan aritu ziren Fernandez eta Goikoetxea.

Zentsuratzaile zaharrak

Baina denak kontent uztea ez da posible izaten, eta are gehiago, kasu honetan gertatu den bezala, bertsolaritzaz tutik ere ez dakien erretxindu bat tartean sartzen denean. Izan ere, finalaren ondorengo egunean bertan, PP alderdiko Carlos Urquijo kontu eske aritu zitzaion ETBko zuzendariari, Barakaldon elkartutako bertsolariek 18/98 sumarioaz eta presoez esandakoek bihotzerrea eraginda, nonbait.

Galdera polita egin dakioke Urquijori: "Bertso arriskutsuak" tokatzen direnean, zentsura aplikatzea eskatzen al dio ETBri? Edo, besterik gabe, finala ez ematea nahi al zuen? Kontua begibistakoa da, ikusi nahi duenarentzat, behintzat: poto egin zuen Urquijo jaunak, eta lehendabiziko aldia balitz…

ETB 2 ere bikain

Euskaraz ez dakiten askok, Urquijorena ez bezalako jakinmin eta maitasunez ikusi zuten ETB 1eko finala, eta finalaren ondoren ere, gozatu ederra hartu zuten ETB 2n Jon Sarasuak eta Julio Ibarrak egindako saio bereziarekin. Sarasuak eta Ibarrak finalaren irakurketa polita egin zuten, eta asmatu egin zuten bertsolaritza erdaldunengana helarazten. Horrelako gehiago behar dira.

Kike Amonarriz, berriro


Kike Amonarriz ez da geldirik egotekoa. Bere garaian “Balinda” saioarekin bezala, oraingoan ere lehiaketa bati ekin dio ETB 1 katean. Umorea da Amonarrizen proposamenaren ardatz nagusia, eta horixe eskatuko zaie lehiaketan parte hartu nahi dutenei ere: umorea, lotsa gutxi eta azal gogor samarra izatea. Zuen artean, ba ote horrelakorik?

Ongi etorri!



Cuatro telebista katearen etorrerak zerbait ona ekarri du behintzat. Goizetan, “Pink panther” dotorearen abenturak emititzen ditu kateak, eta egia esan, gozagarria da munduko pantera larrosenaren ibilerak berriro dastatu ahal izatea. Maite zaitugu, pink panther!