Calcuta Ondoan GKEak "Begirada kontzienteak" argazki lehiaketa jarri du abian

Calcuta Ondoan GKEak "Begirada kontzienteak" argazki lehiaketa jarri du abian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/calcuta-ondoan-gkeak-begirada-kontzienteak-argazki-lehiaketa-jarri-du-abian/@@download/image/begirada_kontzi_1372145636.jpg
2013/06/25
berria
Herrialde aberatsetako gertaerek herrialde behartsuetan duten eragin positibo naiz negatiboa agerian uzten duten argazkiak bildu nahi ditu Calcuta Ondoan gobernuz kanpoko erakundeak, eta horretarako "Begirada kontzienteak" argazki lehiaketa antolatu du. Lanak bidaltzeko epea urriaren 25a bitarte izango da zabalik.


Globalizazioaren eta sistema neoliberal-patriarkalaren eraginen inguruan hausnarketa sustatu, eta Iparraldean egiten dugunak Hegoaldean dituen ondorioez kontziente izan gaitezen, Begirada kontzienteak izeneko argazki lehiaketa antolatu du Calcuta Ondoan GKEak. 18 urtetik gorako lagunei zuzendurik dago, eta berdin du argazkigintzari buruzko oinarrizko ezagutzak soilik izatea, ala aldiz, profesionalki jardutea; kontua, haiek proposatutako argazkietan oinarritutako argazki paraleloak egitea da.

Hau da, Fernando Morales argazkilariaren hainbat irudi hautatu dituzte antolatzaileek, eta sei multzotan banatu:

1) Zabor elektronikoa.
2) Gosea eta elikadura burujabetza.
3) Globalizazioa eta deslokalizazioa.
4) Genero diskriminazioa.
5) Haur langileak.
6) Migrazioa.

Parte hartzaileek serie horietako bat hautatu, eta bertako irudiekin lotura duen beste argazki bat egin beharko dute, argazki paralelo edo laguntzailea; orotara sei lan bidal daitezke, noski, multzo ezberdinekin lotura izan dezaketenak. Eta bidalketa epea urriaren 25ean itxiko dute. Lana nola eta nora bidali, eta bete beharreko ezaugarri teknikoak hemen aurkituko dituzue.

Urte beteko saria
Euskal Argazkigintza Erakundeko, Donostiako Zero Zabor Pobrezia Plataformako eta Calcuta Ondoan GKEko kideek osatuko dute epaimahaia, eta sormena, kalitate teknikoa nahiz lortu nahi den helburuarekiko egokitasuna hartuko dituzte kontuan argazki onena zein den ebazterako orduan.

Orotara, serie bakoitzeko argazki bat hautatuko dute, eta horien artean bakar bat izango da lehiaketako irabazle orokorra. Garaileak 800 euroko laguntza jasoko du urte beteko epean erakundeari loturiko argazkilari-lanak egin ditzan; era berean, nabarmendutako sei irudiak Fernando Moralesen argazkiekin batera jarriko dira ikusgai.