CAF-Elhuyar sariketara lanak aurkezteko epea zabaldu dute

Zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak euskaraz gizarteratzeko lanak aitortzea eta bultzatzea du helburu CAF-Elhuyar sariketak. Begiratu urrunera da aurtengo goiburua, eta dibulgazio-artikulu, kazetaritza-lan eta sorkuntza-beka kategoriak izango dira.
Dibulgazio-artikulu originalen kategorian bi alderdi daude: dibulgazio-artikulu orokorra eta doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikulua. Azpikategoria horien irabazleek 2.000 euroko saria, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eskuratuko dituzte.
Zientzia-kazetaritza arloko lanei dagokienez, 2.000 euro, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta eskultura jasoko dute garaileek.
Sorkuntza-bekaren kategorian, berriz, zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuak onartzen dira. Aukeratutako proiektuen egileek 5.000 euroko dirulaguntza jasoko dute hura gauzatzeko, eta baita eskultura ere.
Gainera, NEIKER saria emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari. Saria 2.000 eurokoa izango da, eta beste sariekin bateragarria.
Otsailaren 6ra arte aurkez daitezke lanak, honako helbide honetan: cafelhuyarsariak.elhuyar.eus. Bertan irakur daitezke aurreko urtetako lanak ere.