CAF-Elhuyar sariak banatu dituzte

CAF-Elhuyar sariak banatu dituzte Ane Portillo Blanco, Amaiur Esnaola Illarreta, Jon Villapun Arbide, Maider Ibañez, Jon Goikouria, Fatima Villa Gonzalez eta Arantzazu Luzarraga Iturrioz dira sarituak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/caf-elhuyar-sariak-banatu-dituzte/@@download/image/9L2A3770.jpg
2022/04/28

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Ane Portillo Blanco, Amaiur Esnaola Illarreta, Jon Villapun Arbide, Maider Ibañez, Jon Goikouria, Fatima Villa Gonzalez eta Arantzazu Luzarraga Iturrioz dira sarituak.
CAF-Elhuyar sariak banatu dituzte

CAF-Elhuyar sariak banatzeko ekitaldia egin zuten atzo Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan, Elhuyarren 50. urteurrenaren testuinguruan eta Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak lelopean. "Izan ere, gure gizarteak erronka handiak ditu etorkizunerako: klima-larrialdiari aurre egitea, desberdintasun sozialak ezabatzea, dibertsitatea onartzea... Horretarako, zientzia ezinbesteko tresna izango da. Baita irudimena ere. Etorkizuna irudikatzeko ausardia beharrezkoa izango da, eta sariketara aurkeztu direnek lehen pauso hori eman dutela esan dezakegu", azaldu dute Elhuyarrekoek. 

Aurtengo sarituen berri eman zuten ekitaldian. Dibulgazio-artikulu orokorraren saria Ane Portillo Blanco berangoztarrak irabazi du, Emakumeen libidoaren heriotza: Epaiketa garaia izeneko artikuluarekin. Egileak aukeratutakoa gaia ezohikoa dela nabarmendu du epaimahaiak, eta auzia plazaratu izanari garrantzia eman dio. Horrez gain, artikuluaren narratiba "oso originala" dela azpimarratu du, eta irudi batzuk egileak propio sortuak izateak lanari balio handiagoa ematen diola. 

Doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria Amaiur Esnaola Illarretak eskuratu du, Gaueko bake frenetikoan dantzan segi dezan lanari esker. Epaimahaiaren iritziz, artikuluak ondo biltzen ditu ikerketa eta ondorioak. Horrez gain, "modu atsegin eta erakargarrian kontatua" dagoela adierazi du, "oso idazkera egokian", eta argazkiek "balio erantsia" ematen diotela.  

Zientzia-kazetaritza kategoriari dagokionez, Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak lana izan da saritua. Hiru egile ditu lanak: Jon Villapun Arbide, Jon Goikouria Larrabeiti eta Maider Ibañez Espinosa. Epaimahaiak honela definitu du hirukotearen lana: "Aberatsa eta kalitate onekoa, irudiz eta lekukotasunez ondo hornitua, eta, kontatzen dena tokikoa bada ere, beste leku batzuetarako eredu izan daitekeena". "Sakona bezain atsegina" dela adierazi du epaimahaiak, eta ondo betetzen duela bere helburua, alegia, "gure inguruan ditugun altxorrak deskribatuz haienganako kezka piztea eta haiek kontserbatzeko premia nabarmentzea". Lana Geuria aldizkarian argitaratu zen iazko ekainean.

Lehen sektoreko lanak saritzeko helburua duen Neiker saria Fatima Villa Gonzalezentzat izan da, Zer diotso sagarrak jogurtari? lanagatik. “Xahuketaren gaiari heltzen dio, eta, alde horretatik, gaur egungo behar bati erantzuten dio. Digitalizazioan oinarritzen da, eta kate osoa hartzen du kontuan. Didaktikoa da, ondo idatzita dago. Etorkizunerako proposamen gisa planteatzen du, baina egingarria da; aplikagarritasun handia du", azaldu du epaimahaiak. 

Saridun guztiek 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute. Sariez gain, 5.000 euroko dirulaguntza ere eman ohi du CAF-Elhuyar sariketak, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurten Arantzazu Luzarraga Iturrioz bilbotarraren Ostutako Paisaiak. Antropozenoaren aztarnak euskal kostaldean proiektuak jaso du sorkuntza-beka. Proiektu "originala" dela, eta gaurkotasuneko gai bati heltzen diola adierazi du epaimahaiak. "Gai zientifiko batetik abiatuta, sorkuntza-lan erakargarria proposatzen du. Gainera, sakon eta xehe azaltzen du nolakoa izango den prozesua; horrek egingarritasuna bermatzen du".

Azkenik, Elhuyar Fundazioaren patronatuak CAF-Elhuyar merezimendu-saria ematen du, euskaren normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzeko. Aurten, Elhuyarren 50. urteurrena izanik, patronatuak Elhuyarren sortzaileei egin die aitortza, eta bertan jaso dute omenaldia Iñaki Azkune Mendiak, Felix Azpiroz Arrillagak, Juanjo Gabiña Carrerak, Jesus Mari Goñi Zabalak, Andoni Sagarna Izagirrek eta Mikel Zalbide Elustondok, eta Luis Mari Bandres Unanueren alargun Maite Moneok eta Kepa Zalbide Elustondoren alaba Uxue Zalbidek.

Zientzialari gazteen hitzaldiak
Sarituen berri emateaz gain, lau zientzialari gazteren hitzaldiak ere izan ziren. 50 urte aurrera begira jarri ziren, eurek jorratzen dituzten gaiak aztertuz. Itziar Irakulis Loitxatek, esaterako, sateliteen eta ingurumenaren arloak aztertu zituen, Maia Garcia Vergniory materialei eta fisikari buruz aritu zen, Gorka Azkune Galparsorok adimen artifiziala eta konputazioa izan zituen mintzagai, eta Izortze Santin Gomezek, berriz, osasuna eta medikuntza.

Iazko sorkuntza-beken proiektuen aurkezpena
Aurreko urteko sorkuntza-beka irabazi zutenen proiektuak ikusteko aukera ere izan zuten ekitaldira bertaratu zirenek. Iaz bi sorkuntza-beka eman ziren. Bata, Itxaso Navarro Celestinok jaso zuen, Sonata 00001011-Spam irudien soinu transdukzioen kontzertua proiektuarengatik, eta sariaren bidez landutako kontzertua ikusi eta entzun zuten. Beste beka, berriz, Ander Gortazar Balerdi eta Jacek Markusiewiczek jaso zuten, 15 minutuko hiria, 45 minutuko lurraldea. Euskal kartografia garaikideak lanarengatik. Erakusketa bat landu dute, eta euren proiektuaren emaitza erakutsi zuten.