'Bullying'-ari aurre egiteko funtzio berriak Instagramen

'Bullying'-ari aurre egiteko funtzio berriak Instagramen Sare sozialak abisua igorriko die eduki iraingarri bat igotzera doazen erabiltzaileei. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bullying-ari-aurre-egiteko-funtzio-berriak-instagramen/@@download/image/iStock-820379104 (1)-377839-edited.jpg
2019/07/10
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Sare sozialak abisua igorriko die eduki iraingarri bat igotzera doazen erabiltzaileei.
'Bullying'-ari aurre egiteko funtzio berriak Instagramen

Instagram da sare sozialen erregea gazte eta nerabeen artean. Orduak igarotzen dituzte, argazkiak ikusten, igotzen, elkarbanatzen,  adierazpenak egiten... eta erasoei aurre egiten.Ditch The Label bullying-aren aurkako erakunde britainiarrak ezagutzera eman duenez, sare sozialen bitartez jazarpena jasan duten gazteen %42 Instagram bidez jaso dute. 

Gauzak horrela, Mark Zuckerberg-en app-ak funtzio berriak izango ditu, bullying-a detektatu eta ekiditeko. Berritasunen artean nabarmenena honakoa izango da; erabiltzaile bat iraingarria edota mingarria izan daitekeen eduki bat igotzera badoa, app-ak abisua igorriko dio. Horrekin batera, laidogarriak diren iruzkinak blokeatuko dituzte. 

Funtzio berri horien helburua erabiltzaileei hausnartzeko aukera eskaintzea da; eduki hori igo aurretik bi aldiz pentsatzea eta norbere buruari galdetzea; igotzera zoazen eduki horrek norbait mindu ote dezake? Egitera zoazen iruzkin hori norbaiten aurka ote doa?

'UNFOLLOW' EGITEAREN ARAZOA

Bestalde, Instagramen jazarpena jasaten duten erabiltzaileek jakinarazi dutenez, arazoak dituzte beren erasotzaileak jarraitzeari uzteko, blokeatzeko edota salatzeko. Hain zuzen, bully-ari sarean aurre egiteak askotan ondorio latzak ditu errealitatean. Hala, erasotzailea blokeatu edota salatzen badute, aurrez-aurre topatzerakoan gauzak okertuko diren beldur dira erasotuak. Arazo horri aurre egiteko, Instagramek funtzio berriak garatuko ditu, erasotuak diren erabiltzaileek bully-ari aurre egiteko gaitasuna izan dezaten, honek ezer nabaritu gabe. Aipatutako funtzio hau restrict izena du, eta aurki jarriko dute martxan. Honi esker, erasotzaileek idazten jarraitzeko aukera izango dute, baina mezuak soilik haiek ikusiko dituzte, beste inork ez. Bestalde, erasotzaileek ezingo dute ikusi biktima konektaturik dagoen edo ez.