Bueltan dira Gasteizko eta Donostiako Jazzaldiak
Iazko pandemia tarteko, bertan behera geratu zen Gasteizko jaialdia eta Donostiakoa formatu apalagoan egin zuten. Aurtengoan indarberrituta datoz biak ala biak ere, eta uztailean jazz musikaz beteko dira bi hiriburuetako bazterrak. Gasteizkoa uztailaren 14tik 18ra izango da eta Donostiakoa, berriz, uztailaren 21etik 25era.
Gasteizko Jazzaldiak 44.edizioa izango du eta agertoki berria estreinatuko du, Iradier Arenak hartuko baititu goizeko eta iluntzeko emanaldiak. Eguerdietan bertako eta inguruko musikari egingo diote tokia Iradier Arenan eta baita jazz munduan euren tokiaren bila dabiltzan talde berriei ere. Musikari gazteak izango dira eta euren bidez ikus-entzule gazteak erakartzea da asmoa. Principal antzokia izango da arratsaldeko ohiko kontzertuen kokalekua.
Egitarauari dagokionez, uztailaren 14an Fran Serrano kontrabaxu-jotzailea arituko da jazz kutsuko eta beste genero batzuen zertzeladak dituzten lanak aurkezten. Hurrengo egunean Daniel Lopez de Parizaren Dan in a Box taldea izango da eta jarraian SPA arituko da. Larunbatean The Sey Sisters eta Dora-ren emanaldiak izango dira.
Anne Paceo eta Antonio Sanchez bateria-jole dohaintsuek ere parte hartuko dute jazzaldian. Beste izen entzutetsu batzuk ere izango dute tokia Gasteizko jaialdian, hala nola Itamar Borochov, Alberto Conce pianista galiziarra, Kathrine Windfeld pianista daniarra, Moises P. Sanchez eta Miguel Salvador gitarra jole bilbotarra. Egitarau osoa hemen dago ikusgai.
Sarrerek 5 euro balioko dute eguerdiko saioetarako, 15 arratsaldekoetarako eta 30 gaueko saio bikoitzetarako. Abonuak ere erosi ahalko dira Principal Antzokiko bost kontzertuetarako eta Iradier Arenako gaueko zortzi emanaldietarako. Bihartik aurrera, hilak 15, jarriko dituzte sarrerak salgai.
Donostian 60 kontzertu eta nazioarteko musikari ezagunak
Donostiako 56. Jazzaldiak 60 doako eta ordainpeko kontzertu eskainiko ditu uztailaren 21etik 25era hiriko zortzi agertokitan eta kerik gabeko guneak izango dira, estalpean zein kalean izan. Nazioarteko hainbat musikari ezagun arituko dira jaialdian, besteak beste, Brad Mehldau, Cecile McLorin Salvant, Silvia Perez Cruz, Kenny Barron, Noa, Arlo Parks eta Marc Ribot. Bertakoen artean, Iñaki Salvadorrek joko du uztailaren 25ean. Noa abeslariarekin ere arituko da Salvador bezperan, israeldarrak argitaratu berri duen Afterallogy lana aurkezten lagunduko baitio pianoan.
Aurten Chillida Lekun ere izango dira bi kontzertu. uztailaren 18an, jaialdiaren atariko gisa, Cécile McLorin Salvant kantaria arituko da, eta larunbatean, uztailak 24, Ceramic Dog Marc Ribot gitarrista buru duen hirukotea, Hope diskoa aurkezten.
Doan eskaintzen diren emanaldiak publikoari irekiak izango dira, aforo kontrolatuekin eta iriste-ordenaren arabera sartzeko moduan. Emanaldi horiek arratsaldeetan eskainiko dira, Kursaal, Frigo Gunea eta Guuk Gunea terrazetan, eta bost saio emango dira egunero, uztailaren 21etik 25era. Guztira 25 kontzertu izango dira, non Jean Toussaint eta Eric Seva artista eta Benkadi talde atzerritarrak ez ezik, tokiko taldeak ere izango diren. Sara Azurza abeslari donostiarra arituko da, esaterako, uztailaren 21ean.
Familientzako Jazz sailean, Txikijazzen, lau saio eskainiko dira doan, Guuk Gunea terrazan eta Kutxa Kultur Tabakaleran, uztailaren 22tik 25era, eguerdiko 12.00etan.
Ordaintzekoak diren saio guztietarako sarrerak eta abonamenduak salgai daude dagoeneko. Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan eskuratu ahal izango dira, baita Jazzaldiaren webgunean, Donostia Kultura-renean, eta jarduerak garatuko diren gainerako lekuen webguneetan ere. Programa osoa jazzaldiaren webgunean dago jasoa.