Botilaratutako urak txorrotakoak baino mikroplastiko gehiago ditu

Botilaratutako urak txorrotakoak baino mikroplastiko gehiago ditu Orb Media-k, irabazi asmorik gabeko kazetaritza erakundeak, burututako ikerketa baten arabera botilaratutako urak plastiko mikroskopiko esanguratsuak eduki ditzake. Erakunde berdinak ohartarazi zuen txorrotako urean ere plastikoak zeudela, baina ikerketa berri honek adierazten duenez botilaratutako urak mikroplastiko gehiago izan ditzake. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/botilaratutako-urak-txorrotakoak-baino-mikroplastiko-gehiago-ditu/@@download/image/25754.jpg
2019/06/12

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Orb Media-k, irabazi asmorik gabeko kazetaritza erakundeak, burututako ikerketa baten arabera botilaratutako urak plastiko mikroskopiko esanguratsuak eduki ditzake. Erakunde berdinak ohartarazi zuen txorrotako urean ere plastikoak zeudela, baina ikerketa berri honek adierazten duenez botilaratutako urak mikroplastiko gehiago izan ditzake.
Botilaratutako urak txorrotakoak baino mikroplastiko gehiago ditu

Botilaratutako uraren salmenta da mundu osoan gehien hazi dena, urtean 130 000 milioi euro inguru biltzen ditu. Alta, ikerketa honen arabera, ur botila batek plastiko partikula esanguratsuak eduki ditzake. Zehazki, 11 marka ezberdinetako 250 botila aztertu ondoren, jakin da kutsadura orokortua dela eta polipropilenoa, nylona eta tereftalatoa bezalako mikroplastikoak dituztela uretan. 314 partikula litroko da bataz-bestekoa, eta plastikoa azaldu zen laginen %93an. Lagin horiek 9 herrialde ezberdinetako 19 lekutatik zetozen.

Botilaratutako uraren ekoizpen mundiala laster iritsiko da urtean 300.000 milioi litrotara eta industria honek segundoko 20.000 plastikozko botila ekoizten ditu. Atera kontuak. Kazetariek aztertutako markekin harremanetan jarri zirenean, hauek aitortu zuten euren produktuek mikroplastikoak zituztela, baina argitu zuten ikerketak adierazten duen kantitatea baino murritzagoa dela plastikoaren presentzia.

Mikroplastikoaren kalteak bizitza basatian eta ingurugiroan jada frogatuta daude. Mikroplastiko partikulak aurkitu dira lurrean, airean, lakuetan eta erreketan. Badirudi plastikoari konkistatzeko gertatzen zaion lurralde bakarra giza gorputza dela eta horretan ari dela.

Mikroplastikoen %90 iraitzia izan daiteke, baina geratzen den %10 odolera pasa daiteke eta hortik giltzurrunetara edo gibelera. Hori jakinik ere, botilaratutako ura ekoizten duten enpresariek azpimarratu dute euren produktuek gobernuak ezarritako baldintza guztiak betetzen dituztela.

Orb Mediako ikerketa hau Sharri Mason ikertzaileak gainbegiratu du. Mason mikroplastikoetan aditua da eta New York-eko Unibertsitatean lan egiten du. Botilaratutako ura aztertzeko Mason-en taldeak botila bakoitzean tindu bat ezarri zuen nilon gorria deitutakoa. Tindu mota hau plastikoarekin batzen da. Ondoren ura 0,0015 milimetroko zuloak dituen “iragazki” batetik filtratu zen. Azkenik, mikroskopio batekin tindutako mikroplastikoak behatu zituzten ikertzaileek.

Astronomoek diotenez, gau garden batean 2.500 izar ikusi daitezke zeruan. Ba ikerketa honetan aztertutako lagin batzuetan zeruan izarrak baino mikroplastiko gehiago aurkitu ziren. Adibidez, botila batek 10.000 partikulatik gorako kontzentrazioa zuen litroko. Beste lagin batzuetan, eskukada txiki bat baino ez zegoen eta baziren plastikorik gabeko laginak ere.

Botiletako tapa moduan erabiltzen den polipropilenoa da partikuletan azaltzen den mikroplastikorik ohikoena. Botiletan erabiltzen den PET deitutako materiala berriz, aurkitutako plastikoaren %6a da soilik. Azken material hau kristalezko botiletako uretan ere azaldu zen.

Txorrotako ura
Orb Mediak aurretik egina zuen txorrotako uraren azterketa eta bi emaitzak alderatu dituzte oraingoan. Datuek adierazten dutenez botilaratutako urak txorrotako uraren plastiko partikula bikoitza du. Orduan zein aukeratu? Adituek diotenez txorrotako ura kalitatezkoa bada, beti hobeagoa da botilakoa baino.